"Espainolismoaren aurka" antolatuko da Ikama urriaren 12an
'Ikasleok desobedientzia' lelopean, ikasleak antolatzeko herri eskolak antolatu ditu Ikamak astelehenerako [urriak 12].
“Euskal Herriko hezkuntza ereduak iraultzeko” helburuagaz sortu zuten Ikama 2020an. Ildo horretan, azken urteetan “ideia erreakzionarioak izaten ari diren gorakada” salatu du ikasle antolakundeak. Mundu mailako olatu “autoritario eta atzerakoiak” izan dituzte hizpide kideek, eta “frantziar eta espainiar estatuen nazio proiektuak hauspotzen dituzten bloke erreakzionarioak” indartzen ari direla ohartarazi dute. Euskaldunen eskubidean “arriskuan” ikusten dituzte, baina egoera horren aurrean ari utzi dute “eraldaketa sozial eta politikoaren alde” borrokatzen jarraituko dutela.
Ikasleok desobedientzia lelopean, astelehenean [urriak 12] antolatzeko deia egin die euskal ikasle guztiei. “Heziketa politikorako eguna” izango dela aurreratu dute, hala, Lea-Artibaiko ikasleek ere herri eskolak antolatu dituzte astelehenerako, “ikasleak saretzeko eta ahalduntzeko” asmoagaz.
Markina-Xemeinen egingo dute eskualdeko herri eskola. Lea Artibai Ikastetxea izango da, 10:00etan, ikasleen topagune. Hortik, Akerbeltz gaztetxera abiatuko dira prestatuta duten dokumental baten proiekzioa egiteko. Egun horretan batzeko arrazoia ahaztu barik, propaganda tailerra hasiko dute 12:30ean, eta apainketa egingo dute ikastetxean bertan. Ikasleak saretzeko helburuagaz, jolasak antolatu dituzte, aurrerantzean ere, antolatzen jarraitzeko loturak estutzeko asmoz.
Antolatzeko beharraz. Ikamak bi arrazoi nagusitan oinarritu du astelehenean antolakuntzarako beharra: “Zergatik egingo ditugu herri eskolak urriaren 12an?: Zapalkuntzaren kontra gaudelako eta ez garelako espainolak”.
Ikasle antolakundeak urriaren 12a “espainolismoarentzat bere iragan kolonialistan oinarritutako identitate zapaltzailea erreproduzitzeko eguna” dela irmoki salatu du. Gainera, faxismoaren gorakadaren edota “euskararen aurkako oldarraldiaren testuinguruan biderkatzen den jai arrotza” dela gogorarazi nahi izan dute.
Urriaren 12ko ospakizunak ez ditu, antolakuntzaren esanetan, “gure historia, kultura eta hizkuntza” ordezkatzen. Hala, nazio proiektu espainolari ekarpena egiten dion ekintza edo jarrera orori “kontrajarria zaion ariketa” egingo dutela argitu dute, era berean, “euskal nazio proiektuari” ekarpena eginez.