'Naza' dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Ikusgarri aretoan
Proiekzioaren ondorengo solasaldian Gernika-Palestina ekimeneko Ibon Meñika eta Mundubat Fundazioko Eneko Gerrikabeitia arituko dira. Bertaratu nahi dutenek azken sarrerak 5 euroan dituzte eskura.
Bihar Lekeitioko Ikusgarri aretoan azken aldian zeresana eman duen ikus-entzunezkoa ikusteko aukera egongo da 19:00etan, Yuval Abraham eta Rachel Szor israeldarren Naza dokumentala hain zuzen. Lekeitioko Zinemazaleek antolatuta eta Gernika Palestina herri ekimenarekin elkarlanean, dokumentala proiektatuko da eta ondoren solasaldia prestatu dute dokumentalaren inguruan hitz egin eta hausnarketarako tartea zabaltzeko.
David Madarieta Lekeitioko Zinemazaleak elkarteko kideak gogoratu du zinema elkarte izanda, euren aldetik argi izan zutela Lekeitiora ekarri beharreko lana zela: “Europa mailan ospatu diren zinemaldietan arrakasta itzela izaten ari da, ia denetan epaimahaiaren sari berezia jaso du eta gainera bizi izan den gerra hori denok ezagutzen dugu. Batzuk izen desberdina ipintzen diote, beste batzuk ez, baina gehienok ikusten dugu genozidio hutsa izan dela eta Israeleko zinegile bik Israeleko armada barrutik horrelako kritika latza egin ahal izatea benetan berezia iruditu zitzaigun”.
Bi zinegile israeldarrek Israeleko armadak egindako “astakeriak” dokumental batean bildu eta merkatura ateratzen ausartu izana balioan jartzen dute eta “dokumentala egitea baina zinemaldietan saritua izatea” desberdina dela adierazi du Madarietak:”Nik uste dut bi aldeetatik duela meritua. Alde batetik ausartzea egiten eta gero Netanyahuk esan die Israelen sartzen badira zigorra dutela, eta bestetik, ondo egindako zeozer dela argi geratu da ia zinemaldi guztietan saritzen daudelako”.
Dokumentala proiektatzeko aukera izanda, solasaldi batek proiekzioa eta jasotakoa aberasten lagundu zezakeela pentsatu zuten, eta hala gonbidatu dituzte Gernika-Palestina herri ekimeneko Ibon Meñika eta Mundubat fundazioko Eneko Gerrikabeitia “ikuslegoa ilustratzeko”, bertaratuko direnei galderak egiteko aukera izango dutelarik: “Xehetasun gehiago eman ditzakete, pelikula horretan kontatzen denetik aparte eurak bizi izan duten edo eurari helarazi zaizkien istorioak apur bat ikusleari hurbildu”.
Sarrera oso gutxi geratzen dira eskugarri, 5 euroan erosi daitezke Lekeitio Zinemazaleen webgunean.