Jagoba Arrasate: "Futbolarekin dudan harremana oso bizirik dago"
Mallorcatik modu mingarrian irten zen Arrasate, baina erronka berri bati ekiteko gogoz dago orain. Gelditu izanak hainbat gauza ikasi eta fintzeko balio izan dio. Bere zigilua jarri nahiko lioke hartzen duen taldeari, bere garaian Osasunan egin bezala.
Talderik gabe egonik, telefonoari soinua kentzea debekatua du Jagoba Arrasatek (Berriatua, Bizkaia, 1978). «Lehen zenbaki arraroei ez nien erantzuten, baina orain, badaezpada, bai. Ez dakit nor izan daitekeen». Eskaintza erakargarri bat jaso bitartean, «zoriontsu» izan den tokira itzuli da: Iruñera. «Etxeko asanbladan, aho batez hartu genuen erabakia; bozketan, bost eta huts».
Realean lehen entrenatzaile izendatu zintuztenetik, denboraldi hau da talderik gabe hasi duzun aurrenekoa. Nola sentitzen zara?
Arraroa da. Urte asko neraman udan libre egon gabe. Abuztuan Mallorcan egoteko aprobetxatu genuen, eta aurrez, herrian egon ginen, Itziarren, baita Berriatuan ere. Ederra izan da familiarekin eta lagunekin gustuko tokietan egotea. Alde horretatik, sekulako uda izan da. Asko gozatu dut, eta pilak kargatu ere bai. Gero, behin liga hasita, arraroa egin zait talde dinamikatik kanpo egotea. Ez da erruduntasun sentsazioa, baina, nolabait ere, ezer egin gabe zaudela sentitzen duzu.
Nolakoa errutina duzu orain?
Hasteko, goizean umeak eskolara eramaten ditut, bederatzietan. Gero kirol pixka bat egiten dut, lanean hasi aurretik. Normalean, Mediacoach plataforman sartzen naiz. Hor denetariko tresnak ditugu partidak aztertzeko: kamera taktikoa, datu fisikoak… Orain talde baten barruan ez nagoen arren, analisian murgiltzen saiatzen naiz. Batzuetan, entrenamenduak ikustera joaten naiz, eta bilerak izaten ditut nire talde teknikoko kideekin. Arratsaldeei dagokienez, hiru haur izanda, batetik bestera ibiltzen naiz eskolaz kanpokoekin.