Mikel Iriondo: "Oso pozik nago Europan lortutako emaitzagaz"
Ur handitan murgilduta bizi da Mikel Iriondo Anakabe. Herriko taldeagaz hasi zuen ibilbideak nazioarteko txapelketetara eraman du igerilari ondarrutarra, Europa mailan eta nazioarteko txapelketetan ikustekoak diren emaitzak lortuz.
Mikel Iriondo Anakabe, zilarrezko domina lepoan, Europako Master Igeriketa Txapelketan. Europako Master Igeriketa Txapelketan izan zen abuztuan Mikel Iriondo Anakabe igerilari ondarrutarra. Eslovakiako Samorín hirian ospatu zen Europako Master txapelketan 50 metro tximeleta eta 100 metro bizkar estiloetan lehiatu zen. Zortzigarren postua lortu zuen lehen proban Iriondok, baina bigarren proban lortutako zilarrezko domina lepoan jantzita itzuli zen Ondarroara.
Master mailako Igeriketako Europako Txapelketan 100 metro bizkar modalitatean bigarren egin zenuen, zelako esperientzia izan zen?
Esperientzia oso polita izan zen. Azkenengo urteetan ezin izan naiz txapelketetara joan, eta oso pozik nago bertan egindako markagaz, izan ere, Espainiako txapelketan modalitate berean egindako marka hobetu nuen (1.04,20). 50 metroko igerilekuan izan zen proba, eta bizkarrez zabiltzanean ez da erraza izaten, 25 metroko igerilekuan pareta erreferentzia handia baita zuzen joateko. 50 metroko kalean errazagoa da okertzea, eta gaitzagoa izaten da. Hala eta guztiz ere, egindako markagaz eta bigarren postuagaz oso pozik amaitu nuen. Helburua ez zen irabaztea, beraz, oso pozik itzuli nintzen dominagaz.
Leku horretara heltzeko bide luzea egin duzu, baina zelan sartu zinen lehen aldiz igerileku batera?
Ni Ondarroan hasi nintzen igerian, Ondarru Igeri Taldean. Eskolatik igeri ikastaroetara joaten ginen, eta probak egiteko aukera eduki nuen. Elena Fernandez Iturrioz zen entrenatzailea, eta orduko ume asko bezala, berak hartu ninduen klubean.
Ur zabaletan ere egiten duzu igeri, ezta?
Gaztetan igerilekuan eta ur zabaletako zeharkaldietan ibiltzen nintzen. Egia da gaztetan zeharkaldiak lasaitasun handiagoagaz hartzen nituela, baina gaur egun seriotasun handiagoagaz hartzen nabil. Igerilekuan txikitatik aritu naiz, eta asko gustatzen zait. Igerilekuan presio gehiago daukazu, markak betetzeko helburuagaz sartzen zara uretara, eta batzuetan ez da nahi bezala irteten. Zeharkaldiean lasaiago noa, ez naiz marka bat egiteko asmoagaz joaten, beraz, presio gutxiago sentitzen dut. Desberdina da.
Beraz, markak dira presio hori gehitzen dutenak.
Markek irteten ez dutenean atsekabea sentitzen duzu askotan. Asko entrenatu ostean nahi duzun marka ez irtetea gogorra izaten da batzuetan. Beti ez da ondo irteten, baina entrenatzen jarraitu behar duzu. Markak egiten badituzu ondo, bestela, aurrera jarraitzea geratzen da. Urteek aurrera egin ahala, markak ez dira gaztetan egin zenituenak. Hala ere, nire adineko jendeagaz parekatzen dut egindakoa, edo iaz egindako markak kontuan hartu eta horrek mantentzen saiatzen naiz. Horrek ematen dit jarraitzeko gogoa.
Master mailan ari zara orain, gogo bera ikusten duzu lehiakideengan?
Master txapelketetan kirolariek lehiakor izaten jarraitzen dute. Maila handiko jendea izaten da; Ioan Stefan Gherghel nire proba berean egon zen, olinpiar jokoetan ibilitako igerilaria.
Gerghel izan zen 100 metro bizkar proban lehenengoa. Zer sentiarazi dizu kirolari olinpiar baten aurka aritzeak eta hain hurbil geratzeak?
Egia esan, jarraitzeko motibazioa eman dit. Marka eta postu ona lortu nituen, eta horrek aurrera egiteko indarra eman dit. Datorren urtean Budapesten Munduko Txapelketa jokatuko da, eta badaukat bertan parte hartzeko asmoa. Txapelketetan parte hartzea ez da beti erraza izaten, bidaia geuk ordaindu behar izaten dugulako, baina bertan daukat jarrita begirada.
Munduko txapelketan, ze probatan ikusten duzu zeure burua?
Europako txapelketan 50 bizkar eta 200 bizkar probak egon ziren, baina ez nituen egin egun horietan lan egin behar nuelako. Aurreko egunetan partaideek egindako markak ikusi nituen, eta parte hartuko banu domina lortzea posible litzatekeela ikusi nuen. Beraz, Munduko txapelketara joatekotan, 50, 100 eta 200 metro bizkar modalitateetan ariko nintzateke, modalitate horietan ikusten dut neure burua trebeen.
Urte luzez aritu zara kirol honetan. Ikasten jarraitzen duzu oraindik?
Urte asko ibili naizenez, ikasteko denbora asko izan dut, eta oraindik ikasten jarraitzen dut. Getxo Swim Campen nabil, eta entrenamendu mota desberdinak egiten ditut; igerilekuko probetarako entrenamenduak eta ur irekietakoak desberdinak dira; igerilekurako esplosiboagoak dira saioak, eta ur irekietarako, luzeagoak. Normalean iluntzeetan entrenatzen dut, Ondarroan, askotan. Egunaren azken orduetan joaten naiz, eta ordu bete pasatxo aritzen naiz astean bost edo sei aldiz. Indarra ere garrantzitsua da, eta astean bitan aritzen naiz ariketak egiten. Hobetzen edo mantentzen jarraitzeko asmoagaz aritzen naiz. Denborak hobetzeko moduak erakusten dizkizu.
Getxo Swim Camp taldea aipatu duzu.
Gaztetatik ezagutzen ditut Getxoko taldekoak. Duela hamabi urte bizkarrez ondo moldatzen zen igerilari bat behar zuten erreleboen modalitaterako. Herbeheretan jokatu genuen txapelketa, eta irabazi egin genuen. Bakarka ere ondo aritu nintzen; 50 eta 100 metro bizkarren lehenengo, eta 200 bizkarren bigarren. Nigan pentsatu zuten duela hamabi urte, eta eurekin aritu naiz orain arte.
Zer eman dizu igeriketak hainbeste urtean uretatik irten barik egoteko?
Egia esan, kirola egunerokotasuneko estresak alde batera uzteko bide bat da. Osasuntsu mantentzen laguntzen dit, eta lagun asko eman dizkit bideak. Gaztetatik ezagutu izan dut jendea, eta oraindik eurekin harremana mantentzen dut. Getxoko taldekideekin tratu ona izan dut beti, eta giro ona eta osasuntsua sortzen dugu.
Zelan ikusten duzu etorkizuna? Txapelketetan jarraituko duzu aurrerantzean?
Nire asmoa osasuntsu egotea eta lehiatzen jarraitzea da. Marka onak lortzen jarraitzen badut, ederto. Bestela, ba ezer ere ez! Kar kar kar.