Aissa Intxausti lehiatik kanpo geratu da
Asteburuan lehiatu dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen faseko azken saioak. Finalaurrekoak osatuta, Xabat Galletebeitiak aurrera egitea lortu du, eta Larraun-Lekunberriko finalaurrekoan kantatuko du urriaren 24an.
Aissa Intxausti kantuan lanak burutzen.Bertsozale Elkartea Asteburuan jokatu dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen faseko azken bi saioak. Sarrera guztiak amaituta, zapatuan Gotaine-Iribarnen 630 lagun baino gehiagogaz Herriko gela eta Agurainen 700 ingurugaz Lezao kirolgunea goraino bete zituzten bertsozaleek. Giro ederra sortu zen bi saioetan, lehen fasea itxiko zuten saioak izanda, bertsozaleen begiradapean kantatu zuten egun bietan. Lea-Artibaiko eta Busturialdeko ordezkarientzako, ordea, ez zen asteburu ona izan, txapelketatik kanpo geratu ziren Aitor Etxebarriazarraga, Onintza Enbeita eta Aissa Intxausti.
Gotaine-Iribarnen Xabat Illarregi leitzarra nagusitu zen. Ariketa puntuagarri guztiak burututa eta batuketak eginda, berak irabazi zuen saioa 676,5 punturekin. Aitor Etxebarriazarragak hirugarren postuan amaitu zuen 641,5 puntu eskuratuta. Aita izan berritan, “txapelketa beste plano batean” izan du eta saio gorabeheratsua izan zuen, hasiera makalagaz: “Hasi eta lehen gaiak nahiko lekuz kanpo harrapatu ninduen. Hortik aurrera haizea kontran neukala sentitzen nuen. Aldiro zeozer. Nire burua borroka konstantean sentitzen nuen, haizearen kontra tiraka modura”. Finalerdietan egoteko gogoa bazuen ere, “batzuetan dagoena onartu eta aurrera egitea besterik ez da geratzen. Orokorrean, ez zan saio biribila izan”.
Onintza Enbeitak, 624,5 puntu lortuta, bostgarren postua eman zioten. Muxikarraren kasuan, saioa txukun hasi eta puntuari erantzunetan onena izan bazen ere, azkenengo bi ariketak izan ziren, hamarreko txikian eta ganbaran, puntuaketa makalenak.
Aguraingo kirolgunean berriz, Nerea Elustondo legazpiarra gailendu zen 695,5 puntu eskuratuta. Aissa Intxaustik bere aldetik bostgarren postuan amaitu zuen 639,5 puntu lortuta. Ariketei dagokionez, puntuaketa erregularra lortu zuen saioan zehar. Saiora nahiko lasai heldu zen eta egindakoarekin gustora gelditu zen: “Azken saioa izanda eta aurreko saioetan gertatutakoa ikusita, aldarte onean joaten ahalegindu nintzen eta nire esku zegoena egiten, ahal nuenik eta hobekien egiten eta sentsazio onak uzten. Gustora ibili nintzen, uste dut hori lortu nuela, kantatzen gustora eta uste dut niretik utzi nuela. Beraz, pozik“.
Lehen fase saioak amaituta, finalaurrekoetara pasatzeko sailkapena itxita eta zehaztuta geratu da eta bertsolari bakoitzak badaki jada non eta noiz kantatuko duen. Horrenbestez, lau finalaurreko jokatuko dira bertsolariek finalerako txartela eskuratzeko lanak burutzeko.
Xabat Galletebeitia lekeitiarrak lehen fasea igaro duenez, badu kanturako data eta lekua. Urriaren 24an, lehenengo finalaurrekoan, Larraun-Lekunberriko Plazaola kirolgunean arituko da Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Gorka Pagonabarraga, Saioa Alkaiza eta Xabat Illarregigaz batera. Urriaren 31n Eibarko Ipurua kiroldegian Alaia Martin, Asier Azpiroz, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaranen txanda izango da.
Hirugarren finalaurrekoa Gernika-Lumon egingo da azaroaren 7an eta Jai Alai pilotalekuan Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Ane Labaka, Aner Peritz eta Joanes Illarregi arituko dira bertsotan. Azken finalaurrekoa beste Jai Ala pilotaleku baten jokatuko da, kasu honetan Miarritzen, eta Andoni Rekondo, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena, Oier Etxeberria eta Sustrai Colina izango dira bertan.