Ikamak herri eskolak antolatu ditu "espainolismoari boikota" egiteko
Eskualdeko 15-20 ikasle batu dira Lea Artibai Ikastetxearen aurrean. Ekintzen artean ikasle mugimenduaren historiaren dokumentalaren proiekzioa eta propaganda tailerra izan dituzte aldarrikapenen adierazle.
Propaganda tailerra Lea-Artibai ikastetxeko sarreran.Naia Laka Arrizubieta Gaur, urriaren 12aren baitan, Ikama ikasle independentisten eta ezkertiarren antolakundeak herri eskolak antolatu ditu Ikasleok desobedientzian lelopean, “Zergatik egingo ditugu herri eskolak urriaren 12an?: Zapalkuntzaren kontra gaudelako eta ez garelako espainolak” argudiatuz eta “euskal nazio proiektuari” ekarpena eginez.
Lea-Artibai eskualdean, Ikamak Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxea aukeratu du eskualdeko ikasleak batzeko, eta Lekeitio, Ondarroa eta Markina-Xemeingo 15-20 ikasle batu dira ikastetxearen sarreran 10:00etan. Ikasleen antolakundetik herri eskola antolatzeko arrazoi argia adierazi dute: “Herri eskolak antolatu ditugu urriaren 12ari, espainolismoaren egunari, planto egiteko, historikoki zapalduak izan garelako. Gure hezkuntza zapaldua izan da, hizkuntza ere bai, baita gure ideologia ere, eta horreri kontra egiteko eta hori aldarrikatzeko etorri gara ikastetxera”.
Ikastetxearen sarreran denak elkartuta, aldarrikapenak plazaratu dituzte hitzaldi txiki batean. Ondoren Akerbeltz gaztetxera joan dira, “ikasle mugimenduaren historiaren dokumentala” proiektatzeko prestatuta izan dute, historikoki mugimenduak izandako eraldaketak ezagutzeko. Proiekzioaren ondotik hausnarketarako zein elkar ezagutzarako tartea hartu dute: “Pixka bat gure artean komentatu dugu, eta gero gure artean harremanak sustatzeko eta konfiantza hartzeko jolas bat egin dugu, bingo musikatua“. Gaztetxeko ekintzei amaiera emanda, 12:30etan ikastetxera itzuli dira eguna propaganda tailerrarekin jarraituz. Sorkuntzari lekua eman diote gazteek eta hainbat pankarta diseinatu dituzte euren “aldarriak eta protestak” islatzeko. Herri eskolei amaiera emateko, ikastetxean eta herrian zehar jarri dituzte sortutako pankartak.