Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzailea izango da
Luis Miguel Ramis entrenatzaile katalanak lehen taldean egindako etapa amaitzea erabaki ostean eman du klubak Arrasateren itzuleraren berri. Bihar, 12:30ean, teknikariaren aurkezpena egingo du klub gorritxoak Sadarren.
Osasunak akordioa lortu du Jagoba Arrasategaz. Klubaren historian aulkian partida gehien egin dituen bigarren teknikaria da berriatuarra, eta Sadarrera itzuli da taldeak beharrezko duen itxaropena bueltatzera. 2029ko ekainaren 30era arte ariko da Arrasate Osasunaren entrenamenduak zuzentzen, eta ziklo berriari hasiera emateko aurkezpena egingo dute bihar 12:30ean, Sadarren.
2018-2019 denboraldian hasi zuen Arrasatek bere ibilbidea Osasunan, eta bigarren mailako irabazle izanik, kluba gorengo mailan jokatzera eraman zuen. Lehen mailan jokatzeko txartela lortu zuen klub nafarrak, taldearen mugarri garrantzitsuenetako bat izanik. 2024an Mallorcarako bidea hartu zuen, eta bi urte baino gehiagoz Nafarroatik urrun ibili bada bere, Sadar itxaropenez betetzera dator bigarren ziklo honetan. Bere itzuleran, Berriatuko teknikariak Bittor Alkiza bigarren entrenatzailea izango du lagun, eta lantaldeari buruzko xehetasun gehiego emango dituzte biharko prentsaurrekoan.
Eguaztenean [urriak 14] zuzenduko du bere lehen entrenamendua, Real Racing kluba aurrez aurre hartu aurretik.