Aisialdirako hiru espazio, Herri Eskolako patioan
Orain arte zementuzkoa izan den patioa naturalizatu eta berdeguneak sortu dituzte, eskola orduetan umeek erabiltzeko eta eskola orduez kanpo familiek ere erabili ahal izateko.
Sarrerako eremu berria sortutako hiru espazioetako bat da.Lekeitioko Udala Lekeitioko Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako zentroko patioan berrikuntzak egin dituzte, espazioei erabilera berriak emateko helburuagaz. Bertan, hiru espazio berri sortu dituzte, hiru eremu desberdinetan. Batetik, txikientzako mugimendurako espazio bat sortu dute; «eszenatoki baten itxura» duen bigarren espazio bat sortu dute, «aukera desberdinak ematen dituena» eta, azkenik, eskolako sarrera nagusiko gunea txukundu eta egokitu dute, egurrezko egiturekin eta esertzeko lekuagaz.
Herritarrek urteetan egin duen eskaera bat dela zehaztu du Lekeitioko Udalak, eraldaketa beharrezkotzat joz: «Herriko eskolak urteetan aparkaleku funtzioa bete izan du, eta obra honegaz lortu duguna da espazioa herrira zabaltzea, goxotzea eta egoteko gune naturalago bat sortzea. Orain arte zementuzkoa izan den patioan inguruak naturalizatu eta berdeguneak sortu ditugu».
Lekeitioko Udalak aurreko agintaldian onartu zuen proiektua, eta azkenengo hiru urteetan osatu dituzte lanak. Hasieratik gaur egunera arte aldaketak jasan ditu proiektuak, betiere Eskola Komunitateagaz harremanetan: «Guk egin duguna Eskola Komunitateagaz biltzea eta hiru fasetan egitea proposatzea izan da», azaldu du udalak. Hala, fase bakoitzean eskola komunitate osoak aukeratutako materialak eta guneak definitu eta aurrera eraman dituzte.
Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Udaleraiki programak babestu duen heinean, diru laguntza bidez egin dituzte lanak. Aurrekontuaren %60 Eusko Jaurlaritzatik eskuratu dute eta %40 Lekeitioko Udalak ordaindu du.