Aisirako hiru espazio Herri Eskolako patioan
Orain arte zementozkoa izan den patioa naturalizatu eta berdeguneak sortu dira, eskola orduetan umeek erabiltzeko eta eskola orduez kanpo familiek ere erabili ahal izateko.
Sarrerako eremu berria sortutako hiru espazioetako bat da.Lekeitioko Udala Lekeitioko Herri Eskolan berrikuntzak egin dituzte eta patioko espazioak eraldatu dituzte erabilera berriak emateko. Lekeitioko Udalak aurreko legealdian onartutako proiektua izan da eta azkenengo hiru urteetan osatu duten obra izan da. Hasierako proiektutik gaur egunera aldaketak jasan dituen proiektua izan da, betiere Eskola Komunitateagaz harremanetan: “Guk egin duguna Eskola Komunitateagaz biltzea eta hiru fasetan egitea proposatzea izan da, eta fase bakoitzean eskola komunitate osoak aukeratutako materialak eta guneak definitu eta aurrera eraman”. Eraldaketa beharrezkotzat jotzen du udalak, orain arte zementozkoa izan den patioan inguruak naturalizatuz eta berdeguneak sortuz.
Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Udaleraiki programak babestua izan den heinean, dirulaguntza bidez burutu den obra izan da. Aurrekontuaren % 60a Eusko Jaurlaritzatik jaso dute eta %40a udalak ordaindua izan da.
Patioan hiru espazio berri sortu dira hiru eremu desberdinetan eta hiru fasetan eraiki dira espazioak, eremu bakoitza denbora tarte desberdinetan azken hiru urteetan. Batetik, “txikientzako mugimendurako” espazio bat sortu da, beste espazio bat “eszenatoki baten itxura” hartzen duena eta “aukera desberdinak ematen dituena” (eserita egoteko, funtzioren bat egiteko…) eta azkenengo fasean “eskolako sarrera nagusiko partea txukundu eta goxoago jarri” da egurrezko estrukturekin eta eseritzeko lekuagaz. Udalaren esanetan, eremuak “etorkizunean itzala emango duten zuhaitzak” izango ditu eta “familiak batuta eta elkarri begira egon ahal izateko espazioa” izango da.
Izan ere, Lehen Hezkuntzako zentroan egin dira berrikuntza hauek, Herri Eskolako patioan, baina “eskola orduetatik kanpo herriari zabalik dagoen espazioa” da, hala herritar guztientzako onura bihurtzen den proiektua izanik. Herriak urteetan egin duen eskaera bat dela zehaztu du udalak: “Herriko eskolak urteetan aparkaleku funtzioa bete izan du eta obra honekin lortu duguna espazioa herrira zabaltzea da, goxotzea eta egoteko gune naturalago bat sortzea”.