Mendizaletasunaren eta kulturaren tontorrera igoko da Markina-Xemein
Hamaika ekintzagaz dator Markina-Xemeingo Mendi Astea. Mendia eta zinema uztartuko dituen Mendi Tour film laburren proiekzioa egingo dute. Txara Trailen izena emateko aukera zabalik egongo da urriaren 23ra arte.
Markina-Xemein mendizaletasunaren, kulturaren eta ikasteko aukera paregabeen topagune izango da beste urte batez. Artibai Mendigoizale taldeak, Aringa-Aringa kirol klubak, Mendi Tour film zikloak, Antsotegi jatetxeak eta Markina-Xemeingo Udalak bizitzeko modu bat partekatzen duten herritarrei zuzendutako egitaraua antolatu dute, hala, urriaren 22tik 25era arte mendiagaz, naturagaz eta ongizateagaz lotura zuzena duten hamaika ekintzatan parte hartzeko aukera egongo da.
Urriaren 22an Antsotegi Hotela izango da mendizaleen lehen topagunea: Ekaitz Maiz, Josu Linaza eta Oier eta Markel de La Fuente anaiak Pakistango Mun Brakk II mendi tontorreko igoeran bizitakoa kontatzen ariko dira. Euren berbak izango dira 5.430 metroko tontorrera egindako bidaia irudikatzeko tresna, eta mendi hortan mugarri izan den abentura bat euren esperientzien bidez bizitzeko aukera emango dute. Gizakiarentzat ezezaguna zen tontor hori zapaltzen lehenak izan ziren euskaldun hauek, hala, egindako bideari izena jartzeko ardura izan zuten. Orain, egindakoa ez ahazteko, Antsotegin emango duten hitzaldiak bidearen izen bera darama: Mun Brakk II. Izar gorri, mamuon betiko argi.
Urriaren 23an lagun artean ikasteko ekintza izango dute herriko gazteenek. Iparrorratzaren oinarrizko erabilera ezagutzeko orientazio ikastaroa antolatu dute, hala, 12 urtetik gorako gazteek hitzordua izango dute Bekobentan. Izena emateko, interesdunek leaktibai@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.
Mendi astearen baitan ospatuko dute urtero hain berezia izaten den Txara Trail mendi lasterketa. Urriaren 24ak mendian batzeko eta lehiatzeko aukera emango die markina-xemeingo eta inuguruko mendi korrikalari guztiei. Mendi maratoi erdia da Aringa-Aringa kirol klubak egun honetarako antolatzen duen erronka entzutetsuena. 18 kilometroko luzera eta 1150 metroko desnibel positibodun ibilbide gogorra izango dute Txara Trail lasterketan izena eman duten korrikalariek. Txaramotx lasterketak 10,5 kilometroko eta 600 metroko desnibeldun erronka aurrez aurre jarriko die ibilbidea osatzera animatzen direnei. Oinez egitea nahiago dutenek ere badute aukera, izan ere, Txara Trail ibilbidea erritmo lasaiago baten egingo dute parte hartzaileek. Izena emateko aukera urriaren 23ra arte egogo da zabalik Txara Trailen web orrian.
Arratsaldean indarrak berreskuratzeko unea izango dute, izan ere, kultur aretoak solasaldia hartuko du. Ainhoa Lendinez Garate kirolari eta kazetariak eta Alex Arrate Zelaia dibulgatzaile eta elikaduran adituak hartuko dute hitza ongizateari, kirolari eta elikadurari buruz berba egiteko.
Urriaren 25ean 8 kilometroko eta 400 metroko desnibeldun orientazio ibilbidea egingo dute 10:00etan, arkupe parean hasita.
Menditik pantaila handira. Arratsaldean mendia eta zinema uztartuko dituen Mendi Tour film laburren proiekzioa eskainiko dute Esperantza Aretoan. Bilbao Mendi Film Festival zine jaialdian aurkeztutako film laburrak izango dira, besteak beste, Mendi Film jaialdiko Euskarazko Film Onenaren Saria jaso zuen Izarren zaunka; Mendiko Film Onenaren Saria jaso zuen K2 Mon Amour; eta Zabalandi Saileko saritua izan zen Harri, Orri, Arkatz. Sarrerak udaletxeko kutxazainean eskuratu ahalko dira gaurtik aurrera [urriak 13], 5 euroren truke.
Egitaraua:
Urriak 22, eguena. Mun Brakk II. Izar gorri, mamuon betiko argi hitzaldia, 19:00etan, Antsotegi Hotelean.
Urriak 23, barikua. Gazteentzako orientazio ikastaroa, 17:00etatik 19:30era, Bekobentan.
Urriak 24, zapatua. Txara Trail, goizean. Ainhoa Lendinez Garate eta Alex Arrate Zelaiaren solasaldia, 18:00etan, kultur aretoan.
Urriak 25, domeka. Orientazio ibilbidea 10:00etan, arkupe parean hasita. Mendi Tour film laburren proiekzioa 18:30ean, Esperantza Aretoan.