Sexu abusuen inguruko formakuntza martxan da Lekeition
Herriko eragileek formakuntza jasotzeko egindako eskaeratik jaiotako ekimena da. Guztira 170 profesional eta eragile ari dira hiru saiotan banatutako ezagutzak bereganatzen.
Maitane Urizar formakuntzaren lehenengo saioan azalpenak emanaz.Lekeitioko Udala Lekeitioko Udalak, urte amaiera honetan, haur eta nerabeetan sexu-abusuekiko sentsibilizazio formakuntza du martxan, profesionalak sentsibilizatuta eta kasuen detekzioa hobetuta, haur eta nerabeentzako espazio seguruagoak sortzeko helburuagaz.
Udaletik, Ane Koskorrotzak formakuntza egiteko eskaria arlo desberdinetatik jaso zutela adierazi du: “Musika Eskolatik eta irakasle batzuen eskutik, adin txikikoen sexu-abusuen inguruan ezagutza jasotzeko beharrizana zegoela jakinarazi ziguten eta, aldi berean, gizarte zerbitzuetan ere ikusi zen lanketa hori egiteko beharrizana”.
Profesionalen artean “ezjakintasun handia zegoela” azpimarratu du udalak: “Protokoloen ezarpena ere ez zekiten ondo nola aplikatu behar zen, ezta bakoitzaren rola zein zen ere, eta horregatik etorri zen Musika Eskolatik eta irakasleengandik. Alde batetik, ez zekitelako nola antzeman ez eta gero nola jardun ere. Beharrizan horrek sortu zuen formakuntza egiteko asmoa”.
Iaz Ondarroako ikastetxeetan egin zuten formakuntza eta gizarte zerbitzuetakoek detekzioa hobetzeko eta errazteko balio izan zuela adierazi zien Lekeitioko Udalari eta udalak, ikastetxeetara mugatu beharrean, herrira zabaltzea erabaki dute, herrian adi txikikoekin lana egiten duten eragile guztientzako: “gizarte zerbitzuak, osasun arloko profesionalak, eskola kirolekoak, kirol elkarteetakoak, Musika Eskola, udaltzainak eta hezkuntza arloko irakasleak, atezainak, jantokiko langileak gonbidatu ditugu, adin txikikoekin harreman zuzena duten eragileak“.
Hiru saioz osatutako formakuntza da. Lehenengoa urriaren 6an egin zen, eta hurrengoak azaroaren 6an eta abenduaren 15ean izango dira. Formakuntza Gure Sarea Genero Ikerketa Elkarteko Maitane Urizarren eskutik ari dira jasotzen, eta hiru saioetan lanketa desberdinak egiten ari dira. Goizetan 20 lagun eta arratsaldetan 150 lagun ari dira formakuntzan
Lehenengo saioan sexu-abusuen inguruko egoerari buruzko kontzeptu orokorrak eta informazio orokorra jaso dituzte: datuak, estatistikak, ikerketak, marko legala besteak beste. Bigarren saioan jarduketarako jarraitu beharreko pausuak zeintzuk diren ikasiko dute eta azken saioan kasu praktikoak aztertuko dituzte.
Udalak formakuntzak ematen duenari hausnarketa bat egin nahi dio, horren arabera etorkizunean ze jarraipen eman jakiteko: “Formakuntza amaitu ondoren balorazio bat egingo dugu eta pentsatuko dugu honi jarraipena nola eman. Parte hartzaileengandik ere jasoko dugu feedback-a eta gizarte zerbitzuetan ere ikusiko da ze ondorio ateratzen duten. Horren arabera pentsatuko dugu nolako jarraipena eman”.