Sexu abusuen inguruko formakuntza martxan dago Lekeition
Herriko eragileek formakuntza jasotzeko egindako eskaeratik jaiotako ekimena da. Guztira 170 profesional eta eragile ari dira hiru saiotan banatutako ezagutzak bereganatzen.
Maitane Urizar formakuntzaren lehenengo saioan azalpenak emanaz.Lekeitioko Udala Lekeitioko Udalak haur eta nerabeetan sexu abusuekiko sentsibilizazio formakuntza jarri du martxan, profesionalak sentsibilizatuta eta kasuen detekzioa hobetuta, haur eta nerabeentzako espazio seguruagoak sortzeko helburuagaz.
Ane Koskorrotza Parekidetasun arduradunak jakinarazi du formakuntza egiteko eskaria hainbat arlotatik jaso zuela udalak: «Musika Eskolatik eta irakasle batzuen eskutik, adin txikikoen sexu abusuen inguruan ezagutza jasotzeko beharrizana zegoela jakinarazi ziguten». Profesionalen artean «ezjakintasun handia zegoela» azpimarratu du: «Protokoloen ezarpena ere ez zekiten nola aplikatu behar zen, ezta bakoitzaren rola zein zen ere. Beharrizan horrek sortu zuen formakuntza egiteko asmoa».
Iaz Ondarroako ikastetxeetan egin zuten formakuntza, eta gizarte zerbitzuetakoek detekzioa hobetzeko eta errazteko balio izan zuela adierazi zioten Lekeitioko Udalari. Hartara, udalak, ikastetxeetara mugatu beharrean, herrira zabaltzea erabaki du, herrian adi txikikoekin lana egiten duten eragile guztientzat izatea: «Gizarte zerbitzuak, osasun arloko profesionalak, eskola kirolekoak, kirol elkarteetakoak, Musika Eskola, udaltzainak eta hezkuntza arloko irakasleak, atezainak, jantokiko langileak gonbidatu ditugu, adin txikikoekin harreman zuzena daukaten eragileak».
Formakuntza Gure Sarea Genero Ikerketa Elkarteko Maitane Urizarren eskutik ari dira jasotzen. Hiru saiotan, lanketa desberdinak egiten ari dira. Lehenengoa urriaren 6an egin zen. Bertan, sexu abusuen inguruko egoerari buruzko kontzeptu eta informazio orokorra jaso zuten parte hartzaileek. Hurrengoak azaroaren 6an eta abenduaren 15ean izango dira, eta, hurrenez hurren, jarduketarako jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren eta kasu praktikoak aztertuko dituzte. Goizetan 20 lagun eta arratsaldetan 150 lagun ari dira formakuntza jasotzen.
Udalak formakuntza osteko hausnarketa egin nahi du, etorkizunean eman dakiokeen jarraipena erabakitzeko: «Formakuntza amaitu ondoren balorazioa egingo dugu, eta pentsatuko dugu horri jarraipena nola eman».