Auzolana eta ibilaldia aste honetan Lekeitio Lagunkoiaren eskutik
Bihar auzolanean arituko diren boluntarioek Mendieta ontziola barrutik ezagutuko dute eta ondoren inguruak garbituko dituzte. Domekan, Julian Arratek gidatutako bi orduko ibilaldia egingo dute Lekeitioko txoko desberdinak ezagutzeko.
Aste honetan, Lekeitio Lagunkoiaren hamargarren urteurrenaren barruan, elkarteak ekintza bi ditu prestatuta. Alde batetik, bihar [urriak 15] hileroko auzolan ekintza egiteko Mendieta ontziolan batuko dira eta, bestetik, Lea Artibai Bertotik ekimenaren barruan, Lekeitio ezagutzeko ibilaldia antolatu dute domekan [urriak 18].
Biharko deialdia 10:00etarako deitua dago Mendietan ontziolan eta bertaratzen diren boluntarioek auzolanean ontziolaren inguruak garbitu eta txukunduko dute zapatuan egingo diren ondare jardunaldietako bisitentzako ingurua prestatuta uzteko. Baina hasi baino lehen, bertaratzen direnei harrera egingo zaie eta, Lekeitioko Udalak eta Bilboko Itsas Museoak bultzatutako Pasajerua 26 ekimenaren barruan, Mendieta, “Euskal Herrian bisitagarria den ontziola bakarra”, ezagutzeko aukera izango dute, Itsas Museoaren gidaritzapean.
Pasajerua 26 ekimena itsas ondare immateriala berreskuratu, dokumentatu eta herritarrekin batera biziberritzeko sustatutako egitasmoa da, eta pasajerua deituriko egurrezko ontzi tradizional bat eraikitzea eta 2027ko irailean itsasoratzea du helburu. Ontziaren eraikuntza ere auzolanean gauzatuko da.Ondoren, tokia garbitu eta txukuntzen arituko dira dena prest uzteko Zapatuan hasiko den ondare jardunaldiko bisitentzat, non plaza guztiak aspaldi beteta dauden.
Bisita gidatuaren eta garbiketaren ondoren, boluntarioek bakoitzak eramandako janariarekin hamaiketakoa egingo dute, ekintzaren 13:00ak inguruan amaitzeko.
Domekako deialdia ostera, Leartibai Bertotik ekimenak Lea Artibai barrutik ezagutarazteko helburuagaz, “Lekeitio beste begi batzuekin ezagutzeko aukera” emango dute. Parte hartzaileak 16:00etan batuko dira Uribarren Parkean eta bi ordutan 3,5 kilometroko ibilbide “erraza eta atsegina” osatuko dute Julian Arratek gidatuta. “Sosoaga dolarea barrutik ikusi, ibilbideko hainbat tokietako historia ezagutu, erresidentzian dinosaurio sasoiko zuhaitzak ikutu” eta bestelako ekintzak burutu ondoren, Atea tabernan amaituko dute txakolinaren eta pintxoen dastaketa bategaz.
Domekarako izena eman beharra dago, Lea Artibai Turismoaren webgunean. Izen ematea doakoa da, baina plazak mugatuak dira eta gaur gaurkoz bost lagun gehiagorentzako lekua geratzen da.