Berriatuarrek badute gozamenerako aukera urriko kultur agendagaz
Bariku honetan abiatuko da "Zuhaitzak eta Arbolak Euskal Herrian" liburuaren aurkezpenagaz. Asteburu honetan eta hurrengoan kultur eskaintza anitza antolatu dute.
Berriatuko Udalak herritarrek urri honetan zeregina eta zer ikusia izatea nahi izan dute, eta helburu horrekin urriko kultur agenda aurkeztu berri dute, askotariko ekintzaz betetako egitarauagaz: “Umeentzako ipuin kontalariak eta nagusientzako antzerkiak, hitzaldiak ere bai…denetarik batzen du”.
Bariku honetan [urriak 16] emango zaie agendako ekintzei hasiera. Izan ere, herriko bideogelan 18:00etan Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebesteren Zuhaitzak eta Arbolak Euskal Herrian liburuaren aurkezpenera hurbiltzeko aukera izango dute interesdunek. Euskal Herri osoan zehar aurkezten ari dira eta Berriatuko Udalak lagunduta sortutako entziklopedia da. Hitzaldia Arriolabengoak gidatuko du, Errekondo eta Etxebestek lagunduta.
Biharamuean [urriak 17], Gilkitxaro taldearen Alperrak, tunanteak eta maleanteak antzezlana ikusteko modua izango dute berriatuarrek 18:30etan, hori ere bideogelan. Francoren diktadura garaiko Alfer eta Gaizkileen Legea oinarritzat duen antzerkia da.

Zapatuan antzeztuko dute Alperrak, tunanteak eta maleanteak antzezlana.
Domekan umeentzako eta nagusientzako ekintza bana antolatu dituzte. 17:00etan liburutegian Otsoko eta Xixili ipuin kontakizun musikatua izango dute umeek Maren Basterretxea berriatuarraren eskutik. 40 minutuko emankizuna izango da. 19:00etan berriz, nagusientzako ikuskizunaren txanda izango da eta bideogelan Gangarlekua egingo da, bigarrenez, Joana Arakistainek proposatuta. Lau umoregilek egingo dituzte euren bakarrizketak, Joana Arakistainek Maider Mimi, Julen Pagazaurtundua eta Lander Varona izango ditu oholtzalagun.
Bigarren asteburuan ere egongo da ekintzetarako aukera. Urriaren 23an 18:00etan Serigrafia, zianotipa eta inprimaketa ikastaroa antolatu dute Gimnasia gelan Bilboko Voltaire Lab taldeko Urtzi Urkixoren eskutik. Aurretik erakustaldi bat egingo du Urkixok, hurbiltzen direnei ikastaroan egingo dena ikusi ahal izateko eta ondoren izena emateko aukera izango dute interesa agertzen dutenek: “Urtzi Urkixorekin berba egin genuen, erakustalditxo bat egin eta jendeak ikusteko nolakoa izango den eta gero izena emateko aukera zabalduko da. Ikastaroa gauza berria da, ea jendeak nola erantzuten duen, proba egitera goaz honekin”.
Urriaren 25ean ostera, Geuretik sortuak ekimenaren eskutik Lau haizeetara proiektuaren barruan lau film laburren proiekzioa egingo dute 18:00etan bideogelan eta domeka horretan hasita urriaren 29ra arte ekimen horren inguruko erakusketa bat ere jarriko dute ikusgai Kultur etxe berrian, ekimearen bilakaera erakusten duten irudiekin.
Sarrera librea izango da ekintza guztietarako, ikastaroa salbuespen moduan, horretarako izena eman beharko baita egunean bertan.