Berriatuko elikagai, artisau eta animali azokarako izen-ematea, gaurtik aurrera zabalik
Berriatuko azoka azaroaren 21ean egingo da eta parte hartu nahi dutenek gaurtik urriaren 23ra eman ahal izango dute izena. Azokan BBKko 20 postu erabili ahal izango dira.
Azaroaren 21ean Elikagai, Artisau eta Animali Azoka antolatuko dute Berriatuko herriko plazan, Berriatuko udalak eta Zesta Eskolak antolatuta eta Lea Artibai Landagarapen Alkarteak eta Hamen Bertokoak lagunduta. Antolatzaile eta laguntzaileek lehen sektoreko ekoizle, artisau eta abeltzainei azokan parte hartzeko deia egin nahi diete eta gaurtik urriaren 23ra bitartean izena emateko aukera zabalduko dute.
Azokan parte hartzeko oinarriak eta izen emate orriak Lea Artibai Landagarapen Alkartearen web orrian daude eskuragarri eta eskari horiek elkartearen bulegoan eman behar dira 9:30etatik 14:30etara bitartean edo emailez imendizabal@leartibaifundazioa.eus helbidera bidalita.
Azoka egunean BBKko 20 postu egongo dira baimena lortzen duten ekoizle eta artisauentzat eta jarriko diren postuetan saldu ahal izateko aldez aurretik lortu behar da udal baimena. Baimenik gabe ezingo da parte hartu.
Antolatzaileek azokek eskualdean duten presentzia beharrezkoa dela azpimarratu dute: “Lea-Artibai eskualdean 1. sektoreak orokorrean eta lurreko produktuek izan duten eta daukaten garrantzia kontuan izanik, ezinbesteko jotzen da herritarrengana produktu hauek hurbiltzeko ekimenak aurrera eramatea”. Berriatuko Udala jakitun da lehen sektorea babestu behar dela eta “garrantzitsua dela ekonomiarentzat, ingurumenarekiko errespetuarentzat, kontsumo jasangarriarentzat eta biztanleriaren osasunarentzat eta funtsezko sektore izanda, bere bideragarritasunean laguntzeko hainbat ekimen aurrera eramaten ditu, besteak beste, azokak”.
Azoka egunari bizitasuna emateko, ekintza gehiago ere antolatuko ditu udalak. 12:30etan Tarine Udal Musika Eskolako trikitilariak arituko dira giroa alaitzen eta arratsaldean zesta partiduak jokatuko dira frontoian.