Bertso saio musikatuaz gozatuko dute barikuan Munitibarren
Eztizen Artola arituko da gai-jartzaile lanetan, Maddi Aiestaran eta Maite Sarasola bertsolariak arituko dira gai horiei kantuan eta Peru Goioaga musikariak girotuko du bertsolarien jarduna.
Munitibarko Habixi Elkarguneak bere agendako ekintzekin bete-betean jarraitzen du, eta asteburu honetarako ere badute zer eskainia. Bariku honetan 19:30etan bertsoa zein musikaz gozatzen dutenentzako aukera polita du eskuartean. Bertso saio musikatua antolatu dute lehendabizikoz eta talde laukote bat oholtzaratuko da saioan.
Beasaingo Maddi Aiestaran eta Deustuko Maite Sarasola bertsolariak arituko dira elkar hartuta bertsotan eta Eztizen Artola idazlearen esanetara egongo dira, Artolak testua eta gaiak prestatutako ditu eta gai horien inguruan kantatzen jarriko ditu bi bertsolariak. Azkenik, bertso musikatua izango den eran, Peru Goioaga arituko da musikari lanetan eta gitarraz girotuko du saioa eta erritmoa jarriko dio bertsolarien kantuari.
Habixi Elkargunetik antolatutako ekintza bada ere, ez dakite nolako saioa izango den eta ze gai uztartuko dituzten: “Antolakuntzatik ez dakigu nolakoa izango den saioa, ze gai jarriko dituen Eztizenek, berak prestatuko ditu eta sorpresa izango da guretzako ere. Estreinakoz izango da eta nobedadea izango da ze gai landuko diren”.
Bi disziplinak uztartuko dituen ekintza bat antolatzen duten lehen aldia dute, orain arte beti egin izan baitute bertso saioa betiko estilo tradizionalagoan: “Harrera ona izaten duenez herrian, pausu bat gehiago ematea pentsatu dugu zerbait desberdinagaz, eta horregatik erabaki genuen musika gehitzea saio honetara”.
Sarrera libreko ekintza izango da eta saioa ikusteko interesa dutenek Munitibarrera hurbiltzea besterik ez dute: “Nahi duenak bariku batean musika eta bertsoaz gozatzeko hurbildu, etorri daiteke. Librea izango da denentzako”
Jendea animatuko den itxaropena dute, bertsotara eta musika kontzertuetara “orokorrean jendea asko animatzen” dela adierazi dute, eta beraz, biak uztartzen diren ekintza batek “herrian harrera ona” edukiko duela uste dute.