Euskal gaztagintza artisauaren erakusleiho izango da Markina-Xemein
Europako gaztagintza artisauko 200 profesional inguru hartuko ditu Esneki Zentroak urriaren 19tik 24ra. Herritarren ezagutza eta parte hartzea sustatzeko, azoka eta dastaketak antolatu dituzte.
Iratxe Lasa eta Malen Sarasua Esneki Zentroan egindako aurkezpenean. Markina-Xemein gaztagintza artisauaren eta Europako esne ekoizpenaren topagune nagusia izango da urriaren 19tik 24ra. Leartiker Esneki Zentroak bultzatutako bi ekitaldi garrantzitsuren baitan, hainbat herrialdetako profesional, ikertzaile, teknikari, erakunde eta ekoizleei harrera egingo zaie herrian, esneki sektore artisauaren inguruko ezagutza, esperientziak eta gaur egun sektorean izandako aurrerapenak partekatzeko.
Kongresuaren aurkezpena egin dute gaur [urriak 14] Esneki Zentroan, eta Malen Sarasua Esneki Zentroko arduradunak hartu du hitza. Euskal Herria, Lea-Artibai eta “bertako gaztagintza sektorea ezagutzarazteko eta mapan kokatzeko” aukera paregabea izango dela aurreratu du. Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkatea izan du lagun kongresua iragartzeko aurkezpenean: “Eskerrak eman nahi dizkiogu Esneki Zentroari bilkura hau Markina-Xemeinera ekartzeagatik eta lehen sektorean eta herri honen garapen ekonomikoan egin duten lanagatik”.
Euskal Herriak lehen aldiz hartuko du FACEnetwork Europako gaztagile eta esneki artisauen sare nagusiaren bilkura. Leartikerren Esneki Zentroak urte luzez egindako lanari aitortza egin eta nazioarteko erakundeek zentroaren esku utzi dute aurtengo bilkura antolatzeko ardura. Europako 22 herrialdetatik etorritako 200 parte-hartzaile hartuko ditu Markina-Xemeinek urriaren 19tik 21era, eta topaketa aproposa izango da Euskal Herriko gazta ekoizpenaren nazioarteko proiekzioa indartzen laguntzeko eta Euskal Herria eta Lea-Artibai bera esneki artisauen arloan berrikuntza, kalitate eta ezagutza partekatuaren erreferente gisa kokatzeko.
Euskal Herriaren erakusle. Nazioarteko gazta ekoizleak, ikertzaileak, aholkulari teknikoak, elikadurako profesionalak eta sektoreari lotutako erakundeetako ordezkariakiak hartuko ditu bilkurak. Euskal Herriko ordezkaritza sendoa ere izango du, berrogeita hamar profesional ingururekin. Lea-Artibaitik gainera, eskualdearen nortasuna agerian utziko duten hiru ordezkari egongo dira: Baskaran, Larruz eta Txikiñena. Sarasuaren berbetan, eskualdeko ekoizleen lana “balioan jartzeko” aukera emango du topaketak. Sarasuak azaldu du Euskal Herriko gaztandegiak “landa eremuagaz lotura zuzena eta artisau izaera” dutela, hala, eredu bereizgarri hori munduratuko dute kongresuan.
Programak arreta berezia jarriko du “Euskal Herriko esne sektoreak tradizioa eta berrikuntza uztartzeko” duen gaitasunean. Euskal Herriko ondare gastronomikoa bilkuraren erdigune izango da urriko egun horietan eta azken urteetan euskal sektorearen aurrerapenak izango dituzte hizpide: “Produktuen dibertsifikazioa, prozesuen etengabeko hobekuntzak, kalitatearen aldeko apustuak eta ezagutza teknikoaren indartzea”.
Herritarrek parte hartzeko. Uhagon Kulturgunean gazta dastaketa herrikoia egongo dute eguazten arratsaldean [urriak 21]. Herritar guztiei zuzendutako doako jarduera izango da. Sektoreko profesionalei zuzenduteko FACEnetwork-en bileraren ondoren, Know N Cheese proiektua jarriko dute martxan. Saio teknikoak egingo dituzte nekazaritzako elikagaien sektoreko profesional, ikertzaile eta eragileentzat.Gainera, dibulgazio-jarduerak antolatuko dituzte esnegintza artisaua herritarrengana hurbiltzeko. Horien artean, DBHko 4. mailako ikasleei eta elikadurarekin eta gastronomiarekin lotutako prestakuntza zikloei zuzendutako artzain eskolei buruzko hitzaldi bat eskainiko dute.
Urriaren 24an, zapatuan, produktuen erakusketa eta salmentarako azoka antolatu dute. Familientzako tailerrak eta gazta-pintxorik onena egin duen tabernari sari banaketa ospatuko dira.