Yolanda Arrietak irabazi du Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi saria
'Zurtz' lanagatik saritu dute Etxebarriko idazlea.
Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi saria jaso du Zurtz lanagatik. Euskal haur eta gazte literaturan erreferentziazko lan ezagunen sortzaile da Arrieta, eta oraingoan ere, nortasunaren bilaketa eta hazkunde pertsonala mintzagai hartuta 12 urtetik gorako gazteei zuzendutako eleberria sortu du. Idazleak “oso pozik” jaso du egindako lana: “Haur eta gazte literaturaren alde egindako apustua da, eta egindako lanari aitortza izan da sari hau jasotzea”.
Lanak umezurtztasunaren kontzeptuari ematen dion “esanahi zabala eta iradokitzailea” nabarmendu du epaimahaiak, eta “pertsonaien ikuspegi desberdinen bidez eraikitako kontakizun-egitura aberats eta poliedrikoa” azpimarratu dute. Idazle etxebarritarrak Kati izeneko neska bat eta umezurtztaasuna izan du bere eleberria sortzeko zutabe. Gazteek identifikatzeko gai sakonak jorratu ditu: ahots narratibo hurbil baten bitartez nortasuna, abandonua, maitasun beharra eta helduaroaren atarian sortzen diren beldurrak mahaigaineratu ditu Arrietak.