50 urte argazkitan jarri ditu Xemein Abesbatzak
Erakusketan, argazkiak ez ezik, abesbatzaren jantziak, sariak eta oroigarriak ere badaude herritarren bistara. Ikusi nahi dituztenek urriaren 25era arte izango dute aukera, Karmeldarren aretoan.
50 urte ez dira egunero betetzen, eta Xemeingo Abesbatzak urte osoa darama ospakizunetan. Egunotan iraganera begira jarri dira, eta abesbatzaren historia iruditan kontatzen duen argazki erakusketa bat prestatu dute, herritarrek ikusi dezaten. “Abesbatza 1976an sortu zen, eta, aurten, urte osoan egin ditugu ekitaldiak ospatzeko. Argazki erakusketa azkenengo ekitaldietako bat izango da”, azaldu du Ian Laka abesbatzeko lehendakariak.
Erakusketa urriaren 25era arte dago ikusgai, Karmeldarren aretoan. Asteburuetan egongo da zabalik: barikuetan 18:00etatik 20:00etara, zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.
Argazki eta elementu ugari jarri dituzte jendearentzako ikusgai: “Jarri ditugun argazkietan ikusten da zenbat jende igaro den, ze lehenengo argazkia 1976koa da, lehenengo kontzertukoa, eta handik orain arte ateratako argazkietara ikusi daitezke garai desberdinetako belaunaldiak. Kantariek hasierako garaietan janzten zituzten lehenengo eta bigarren trajeak ere ikusgai daude.
Proiektore bat ere ipini dute, erakusketan fisikoki jarri ezin izan dituzten argazkiak ere ikusteko moduan egoteko. “Erakusketan gehienbat talde argazkiak jarri ditugu eta, gero, proiektoreagaz ikusten dira bazkari eta ekitaldi desberdinetako bestelako argazkiak”. Horretaz gain, urteotan eskuratu dituzten hainbat sari eta oroigarri ere ikusteko moduan daude. “Daukagun ikus-entzunezko material guztia bertan egotea nahi izan dugu “, jakinarazi du Lakak.

Lakak adierazi bezala, taldearen bilakaera ikusi liteke material horretan. Ibilbide hori Jose Luis Lauzirika arratzuarrak hasi zuen, Lakaren esanetan, bera izan baitzen abesbatzaren fundatzailea. Eskola Laboralean irakasle lanetan ari zela, Euskal Herrian ohikoa zen herri bakoitzean abesbatza bat izatea, baina Xemeinen hutsune bat ikusi zuen. Solfeoko irakasleagaz hitz eginda, bere ikasleekin hasi zen taldea antolatzen. Ikasleekin eta ahoz ahokoak lagunduta, konturatzerako 80 kide zituen abesbatzak bigarren urterako.
Horretaz gain, hasiera-hasiera horretatik gaur egun arte aritu diren hiru pertsona dituzte oraindik abesbatzan kantuan. Lakak dioenez, argazkietan ere ikusten da hiru horien ibilbidea nolako izan den. “Hastapenetako pasadizoak ere kontatzen dizkigute”.
Duen historiagatik, abesbatzak leku berezia dauka xemeindarren bihotzetan, eta horren jakitun da Laka: “Xemein Abesbatza herriko abesbatz moduan hartzen da. Hainbeste jende pasatu da, askoren etxeetan familiakoren bat, lagunen bat beti ibili da kantuan, beraz, oso harreman emozionala daukate askok abesbatzagaz”. Taldea herrian maitatua dela uste du, taldeak berak herrian edozein ekitalditan parte hartzeko beti izan duen prestutasunagatik hein batean, eta horrek herrigintzarako joera sortzen duela iruditzen zaio.

Horren erakusgarri dira urteurrenaren baitan erakusketaz gain egindako ekintza guztiak ere. Urte hasieran lau kontzertu berezi antolatu zituzten Xemeingo elizan, Euskal Herriko koru garrantzitsuenak gonbidatuz, eta lehenengo kontzertuan, urteurrenari hasiera emateko, Oskarbi taldeagaz batera kantatu zuten. Maiatzean, Toulousera bidaia bat egin zuten eta, ekainean, Arratzura egin zuten bisita, abesbatza sortu zuen eta koruko zuzendaria izan zen Lauzirikari omenaldia egitera. Beranduago, Karmen jaien aurretik, uztailaren 11n, Xemeingo Gaua egin zuten, eta koralista ohiekin abesbatzaren kanta esanguratsuenak kantatu zituzten. Urriaren 3an, Xemein Egunean, ostera, inguruko beste hiru abesbatza gonbidatu zituzten egun berezia girotzeko.
Etorkizunari begiratzean, abesbatzak osasun ona duela iruditzen zaio Lakari. Umeen korua ere badago, harrobi modura funtzionatzen duena, eta handik nagusietara pasatzen dira modu naturalean. Momentu honetan 48 kidetik hamar 30 urtetik beherakoak izateari ematen dio garrantzia, horrek sortuko baitu etorkizunerako erreleboa.