"Eskerrik asko hemen egoteagatik"
Uhagon Kulturguneak 25 urte bete berri ditu. Urteurrenagaz batera, kulturgunearen zutabeak indartu ditu herritar, bazkide eta eragileen artean egindako hausnartze prozesu batek. Herrigintzan aritu direnei eta eredu horregaz kulturgunearen etorkizuna eraikitzen dihadutenei urte luzez egindako lana eskertzeko Uhagon Jaia antolatu dute domekarako [urriak 18].
Uhagon kulturguneko bazkideek Uhagon Jaia aurkeztu zuten.Uhagon Kulturgunea Azken urteetan herrigintzatik sortutako kultura ekimenen beheranzko joera bizi izan du Uhagon Kulturguneak. Egoera horrek proiektuaren etorkizunari buruz hausnartzera behartu ditu kulturgunea bizirik mantendu nahi duten eragileak, eta behar horretatik itxaropenez betetako etorkizun baterako bidea sortu dute. Herrigintzatik sortutako prozesu honen emaitza Uhagon «indartu» baten sorrera izan dela azaldu du Uhagon Kulturguneko zuzendaritza taldeak.
Indartze hori kulturgunearen 25. urteurrenagaz batera heldu da, hala, bazkideek, eragileek eta Uhagonen parte hartzen duten norbanakoek Uhagon Jaia ospatuko dute domekan. Militantzia «lanetik, arduratik eta ordu luzez ekinean aritzetik» ulertu izan da beti. Militantziak beste alde bat ere baduela, eta «jai girotik, poztasunetik eta ospatzetik» bizi daitekeela gogorarazi nahi dute antolatzaileek.
Uhagon sortu eta gaur egunera arte mantendu duten eragile, talde, langile eta bazkideei aitortza egiteko modua aurkitu du Uhagonen baitako Edukiak eta Saretzeak lan taldeak: «Uhagonen sorreraren eragile eta lekuko izan ziren herritarrei euren lana eskertzeko eguna izango da; Uhagon herrigintzatik sortu zela gogorataztekoa». Egitarauaren baitan argitaratu duten ekitaldi berezi baten bitartez emango dute egun horretako mezu garrantzitsuena: «Eskerrik asko hemen egoteagatik».
Ekintza askoren aterpe. Edukiak eta Saretzeak lan taldeak hartu du domeka ekintzaz betetzeko ardura. Uhagon ikastaro askoren aterpe izan ohi da, eta izate horretatik egin dute tira antolakuntzan aritu diren kideek. «Kulturartekotasuna, belaunaldi desberdinen arteko bizikidetza eta genero aniztasuna» bermatuko duten ekintzak dira, kide bakoitzak bere alea jarri eta elkarregaz osatu duten egitaraua prestatzeko anitzak eta aproposak izan direnak.
Herriko emakume magrebtar talde batek antolatutako henna tailerra izango da domekako tailer berezienetako bat. Herriko gazteak erakartzen dituen oihal tailerra zuzenduko du Nahia Iparragirrek, eta umeentzat, jaboi ponpa tailerra antolatu dute. Txalaparta jotzen ikasteko eta zianotipia egiten ikasteko tailerrak egingo dituzte. Lehiak ere tokia izango du herrian arrakasta handia izaten ari den Hiru Txirlo bola txapelketagaz. Naturagaz loturak estutzeko eta ikasteko aukera ere egongo da Zuhaitz Ibilbideagaz. Eup! Irratiak ere bere alea jarriko du domekan, izan ere, irratiko kide izandakoek Irrati Nobelan murgiltzeko aukera dakarte. Parte hartzaileek «gidoi bat prestatzeko eta ahotsagaz jolasteko» aukera izango dute, denen artean irrati antzerki bat osatuz. «Uhagonen egunerokotasunak eskaintzen ez dituen eta jendea tailer batetik bestera ibiltzeko aukera ematen duten ekintzak» ekartzea izan dute helburu. Okerrak izango du eguna musikagaz girotzeko ardura. «Biniloekin eta musikagaz jolasten» ariko dira, eta jendeak biniloak ekartzeko aukera izango du.
«Kultura kontsumitzeko modu pasibo batetik haratago» joateko helburua dauka egun honek. «Gutxitan ematen zaie herritarrei sortzeko eta parte hartzeko aukera», hala, antolatzaileek argi azaldu dute «lotsak kentzea eta ekitea» dela Uhagon Jaiaren helburua. Kulturaz parte hartzetik ere gozatu daitekeela erakusteko eguna izango da, eta etorkizuneko kontsumo eredua zehazteko lehen pausoa.