Geuretxea proiektua aurkeztuko dute Ispasterren
Tokiko erakundeetako ordezkariak eta interesa duten herritarrak gonbidatuta daude prestatutako ibilbidea egitera. Mugikorrez lagunduta jasoko dute baserrien inguruko informazioa.
Ispasterko Udalak Geuretxea proiektuaren aurkezpena egingo du etzi [urriak 17] 10:30ean, herriko plazan. “Orain dela bi urtetik Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako ondareari buruzko ekintzetan Ispasterrek duen ondarea erakusteko ibilbidea prestatu izan du eta, orain, proiektu bihurtzera goaz”, adierazi du Garbiñe Saenz de Buruaga alkateak.
Udalak aurkezpenera bertaratzeko deia egin die Lea Artibai eskualdeko tokiko erakundeetako ordezkariei baina baita herritarrei ere. Aurkezpenagaz batera, “XV. mendearen amaieratik Ispasterren euskal baserriak izan duen bilakaera eta eraikin historiko batzuk ere ezagutzeko ibilbidea” egiteko aukera izango dute guztiek. Ibilbidea Anartz Ormaza arkitekto eta kultura ondarean adituak sortua da, eta lau kilometrotan herriko baserrietan zehar murgiltzeko aukera emango du. Goizean, ibilbidearen erdia egingo dute, 6. punturaino eta bi orduko iraupenagaz. Mugikorraren laguntza ere izango dute ibilbideari buruzko informazioa eskura izateko.
Udalak adierazi du Ispaster euskal baserria hasieratik gaur arte ezagutzeko gune paregabea dela: “Ibilbide horri esker, herritarrek euskal baserriaren historia eta bilakaera ezagutu ahal izango dute, beste eraikin interesgarri batzuk ere bai, hala nola ermitak, errota zaharrak edo jauregiak”.