Nagusien Dantza Eguna ospatuko dute zapatuan
Zerutxu dantza taldeak helduak plazen erdigunean jarriko dituen eguna antolatu du zapaturako [urriak 17].
Zerutxu dantza taldeak Helduen Dantza eguna ospatuko du bihar. 60. urteurren ospakziunetan murgilduta dago taldea, eta oraingoan, helduak izango dira plazak hartuko dituztenak.
Umeen dantzari egunak sarri antolatzen eta ikusten direla aitortu du dantza taldeak, hala, nagusien emanaldi baten beharra ikusi eta zapatuan egitea erabaki dute. 12:00etan emango diote hasiera ekitaldiari, Xemeindik hasiko duten kalejiragaz. Geldialdiak egin eta herriko hiru plazatan dantzaldia eskainiko dute; udal arranindegian, Opela gozotegi alboko plazan eta Babbel alboan.
Azken dantzaldia Goikoportalean eskainiko dute. Zerutxuko dantzariak ez dira bakarrik arituko, izan ere, Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldea, Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldea eta Ermuko Txindurri dantza taldea izango dituzte lagun: «Azken urteetan dantza talde hauekin harremanak estutu ditugu, eta dantzen inguruko jakintzak elkarbanatu izan ditugu, horregatik gonbidatu ditugu».
Beteluko fandangoa, Corteseko dantzak, edo Gipuzkoako brokel dantzak eskainiko dituzte, besteren artean.
Goizeko emanaldiak amaituta, musikaz girotutako eta lagun artean gozatzeko trikipoteoa izango dute 18:00etatik aurrera.