Obrak hasi dituzte Lekeitioko Paskual Abaroa Etorbidean
Zumatzeta, Otxoa Urkiza eta Buenaventura Zapiraingo kaleetako proiektua herritarrek urteetan egindako eskaera izan da. Helburua da eremuan oinezkoei lehentasuna ematea.
Lekeitioko Udalak Zumatzeta, Otxoa Urkiza eta Buenaventura Zapirain kaleetako proiektua martxan jarri du, oinezkoei lehentasuna emanez herria gero eta irisgarriagoa egiteko helburuagaz.
Paskual Abaroa etorbidean euri ura drainatzeko sistema aldatzen hasi dira lehenengo; etorbidearen 10 zenbakitik gutxi gorabehera Eskolapera bitartean egingo dira lanak. Ondoren, Zumatzeta, Otxoa Urkiza eta Buenaventura Zapiraingo obrara lotuko dute sistema berria.
Proiektuaren lehenengo fasea Buenaventura Zapirain eta Otxoa Urkizan egingo da. Lan horiei esker, oinezkoek lehentasun handiagoa izango dute kale horietan, goizetan zamalanetarako erabiliko dira eta arratsaldeetan soilik oinezkoentzako izango dira. Bigarren fasea Zumatzeta kalean egingo da, Agirre Solarteko gurutzaguneraino. Eremu hori norabide bakarrekoa izango da, behetik goranzko zirkulazioa errazteko, eta oinezkoek lehentasuna edukiko dute Buenaventura Zapirain eta Otxoa Urkizan.
Fase bakoitzak lau hilabete iraungo du, eta Lekeitioko Udalaren asmoa da lehenengoa amaitu eta jarraian bigarrenagaz hastera.
Herritarrengandik jasotako eskakizuna betetzen ari direla adierazi du udalak: “Azkenengo urteetan auzokideak eskatu duten aldaketa bat da. Ikusita gero eta zirkulazio handiagoa dagoela herrian, Zumatzetan sortzen den zirkulazio arazoari konponbide bat eman nahian sortutako proiektua da”.