Etxean modura sentitu dira Aulestin
Eguraldi goibelari aurpegirik onena jarrita egin dute XIX. Ermitarik Ermita mendi martxa. Parte hartzaileek ibilbideen ikusgarritasuna eta antolakuntzaren aldetik jasotzen duten gozotasuna nabarmendu dituzte.
XIX. Ermitarik Ermitako ibilbide luzeko parte hartzaile batzuk, herrigunera ailegatu berri. Bihotza, gozotasuna eta ikusgarriak diren ibilbideak. Hori eta askoz gehiago aurkitu dute gaur [urriak 17] Aulestiko XIX. Ermitarik Ermita martxak egin dituztenek. Euria eta lokatza ez dute oztopo izan, eta ehunka izan dira ibilbide luzea zein laburra egitera atera direnak.
08:00etan zeukaten hitzordua jarrita ibilbide luzekoek Aulestiko plazan. Aurretik, 22 kilometro; bost ordu eta erdi inguruko ibilbidea. Tartean, Aparo, Bedartzandi, Urregarai, Malats, Zubero, Urriola, Murelaga, Garatxaga, Lekerika eta Narea.
Bi ordu eta erdi beranduago, 10:3oean ekin diote martxari ibilbide laburra aukeratu dutenek. Parketik atera, eta Madalena, Murelaga, Garatxaga, Lekerika eta Narea zeharkatu dituzte. Aulestiko plazan amaitu dute 10 kilometroko ibilbidea.
12:30-13:00ak inguruan ailegatu dira herrigunera asko eta asko. Irribartsu egin dute sarrera, txirrist egin izanaren zantzuekin ere bai ibilbide luzea egin duen bat edo bat: “Lokatz nahikoa zegoen, eta gorabeheraren bat edo beste izan dugu”, zioten, irribarrea galdu barik. Urteroko hitzorduari hutsik egin barik etorri denik ere egon da: “Bermeotik etortzen gara urtero-urtero. Ibilbidea oso polita da eta, gainera, Aulestin gozo-gozo hartzen gaituzte. Antolatzaileak gertukoak dira, oso bero hartzen gaituzte. Datorren urtean ere etorriko gara, ziur”, aurreratu dute. Ibilbide laburrekoek inolako gorabeherarik gabe egin dute martxa orohar. Ez dute, behinik behin, lokatzik aurkitu bidean.
Amaieran, indarrak berreskuratzeko, jan-edana izan dute parte hartzaileek, euria tarteko, plazan beharrean, frontoiaren babesean egin dute.