Euskal baserriaren muinetan sartu dira
Geuretxea proiektua aurkeztu du gaur [urriak 17]] Ispasterko Udalak. Euskal baserriak XV. mendearen amaieratik izan duen bilakaera eta herriko beste eraikin historiko batzuk ezagutzeko ibilbidea egin dute parte hartzaileek, mugikorrak lagun.
Geuretxea proiektua aurkeztu dute Ispasterren. Herriko ondarea ezagutzera emateko hitzordua zeukaten gaur goizean [urriak 17] Ispasterren. Europako Ondarearen Kultur Jardunaldietan murgiltzeko astebete geratzen denean, Geuretxea proiektua aurkeztu du udalak, jardunaldien gehigarri modura. Garbiñe Saenz de Buruaga alkateak azaldu duen modura, egitasmoak euskal baserriak XV. mendearen amaieratik izan duen bilakaera eta herriko beste eraikin historiko batzuk ezagutzeko aukera eskainiko du, hori guztiori mugikorragaz lagunduta.
Horretarako, batetik, Wikilocen jarri dute eskuragarri egitasmoak barnebiltzen duen hamabi guneko ibilbidea, eta, bestetik, gune bakoitzean QR kodea duen zutoin bat topatuko dute ibiltariek, eraikinari buruzko informazio zehatza eskuratzeko, dela azalpen bideoen, lokuzioen eta 3Dko irudien bidez, bai eta errealitate birtualaren bidez ere. Eraikinez gain, gune horiek izan dituzten eraldaketak eta horiei lotutako bizimoduak ezagutu ahal izango dituzte bisitariek.

QR kode bidez ezagutu daitezke udalerriko eraikin esanguratsuenak.
Alkateagaz batera, Anartz Ormaza arkitektoa eta kultur ondarean aditua eta bideetan aditu Guiller Ruiz de Erentxun izan dituzte bidelagun gaurkoan bisitariek. Plazan hasi dute ibilbidea, bertan dagoen paneleko QR kodeak baliatuta, eta handik, Axpe aurrekoa baserrira, Santiago ermitara, Erkiaga Bekoa eta Erkiaga Erdikoa baserrietara eta San Martin haize errotara joan dira, ibilbiderako beren-beregi egindako audiogida batek lagunduta hala nahi izan dutenek.
Maite Zabala Aldaolea izan da gaurko ibilbidean parte hartu duenetako bat. Erkiaga Erdikoa baserrian bizi da, eta proiektuaren balioa azpimarratu du, baserriak bertokoen bizimoduan izan zuen garrantziaren jakitun. Ibilbidea egitera doazenei mezu bat helarazi nahi izan die: errespetuz jokatzeko, kontuan izateko jendearen bizitoki direla. Eskari bera egin du Saenz de Buruaga alkateak; jendearen egunerokotasuna errespetatzeko eta inor bizi ez den kasuan, ondarea zaintzeko.
Ibilbide luze baten hasiera
Gaurkoa aurkezpena baino ez da izan. Ibilbide luze baten hasiera baino ez. Ispaster Euskal Herrian dagoen euskal baserriaren erreferente da, antzinatasunagatik, kalitateagatik eta aniztasunagatik. Barne turismorako helmuga erakargarri bihurtu nahi du, eta bide horretan, Geuretxea proiektua garatzen jarraituko du udalak. “Garatzen jarraituko dugu, hobetzen. Izugarrizko altxorra daukagu, eta jendeak ezagutzeko aukera eduki dezan lanean jarraituko dugu”.