25 urteko lanari aitortza berezi bat
Orain arte eraikitakoa elkarregaz ospatzeko Uhagon Jaia ospatu zuten atzo [urriak 18]. Proiektuagaz bat egiteko bazkidetzeko aukera zabaldu dute.
Uhagon Jaiak kulturguneko lorategia bete zuen atzo.Uhagon Kultugunea Eskertzaren, ospakizunaren eta eraikitzen ari diren etorkizunaren irudi izan zen atzo [urriak 18] Uhagon Kulturgunea. Askotariko jendea batu zuen Uhagon Jaiak; kulturgunearen sorreraren lekuko izan zirenak, herriko elkarteetako kideak, leku desberdinetan militatzen dutenak edo ikastaroetara etortzen direnak. Denak ala denak, Uhagonen 25 urteak ospatzeko eta urte guzti horietan egindako lana elkarreri eskertzeko.
Ikastaroak erdiguneak jarri eta sormena lantzeko eta saretzen jarraitzeko eremu bihurtu zen Uhagon. Jende asko aritu zen txalaparta ikastaroan, oihaletan edo hiru txirlo jokoan. Umeek ere eureri zuzendutako ekintzak aurkitu zituzten bertan; kartoien tailerra prestatu zuten, eta gelditu barik sortzen eta eraikitzen aritzeko aukera izan zuten. Henna tailerra aurreikuspenek aurreratutakoa baino bereziagoa izan zen. Emakume magrebtarrek euren jakintzak elkarbanatu zituzten, eta gustora egoteko eta bertan erlaxatzeko txoko bat sortu zuten, tea edateko aukeragaz. Zianotipia tailerra eta irrati nobela eraikinaren barruan egin zituzten, ospakizunaren eta jolasen artean sormenari toki lasaiago bat eskaintzeko.
Ekitaldiak kulturgunea bizirik mantentzeko lan egiten duten kide desberdinek ordezkaritza izan zuten. Uhagongo gaur egungo zuzendaritzako kide batek, langile batek eta kulturgunearen sorreran egon zen kide batek hartu zuten hitza. Uhagon duela 25 urte jende askoren lanari esker sortu zela gogorarazi zuten, eta lanean aritu diren norbanako eta taldeei esker ona erakusteko unea hartu zuten.
Uhagon loratzen jarraitzeko asmoagaz bertaratu ziren herritarrak. Hausnarketarako unea izan zuten lorategian, eta zuhaitz txiki baten inguruan batu ziren etorkizunean herriak behar duen Uhagon irudikatzeko. Zelako Uhagon nahi dugu 10 urte barru? galderari erantzunez, hostoz bete zuten kulturgunearen etorkizuna.

Zuhaitzaren adarretan Uhagoni lotutako ideiak lotu zituzten.Uhagon Kultugunea
Bazkalorduan taberna goraino bete zuten 90 lagunek. “Gozotasunean” igaro zuten eguna izan zela azaldu dute antolatzaileek: “Ospakizun polita izan zen. Hemen gaudenen eta egon direnen lanari esker elkarregaz lortu duguna ospatzeko”. “Denon artean egindako proiektu hau eskertzeko beharra” azpimarratu dute kideek”, eta horretarako egun aproposa izan zen atzoko Uhagon Jaia: “Batzen garenean zelako gauzak egiten diren ikusteko aukera izan zen, eta honek aurrera egin behar duela ikusarazteko. Aitortza bat. Eskertza bat”.
Proiektuagaz bat egiteko. Indarrak batzera begira, bazkidetza kanpaina abiatu dute. Urtarrilaren 10era arte bazkide egiteko aukera egongo da Uhagon Kulturgunean bertan. Gainera, urriaren 23an, azaroaren 6an, azaroaren 21ean Kontzekupean informazioa eskuratzeko edo izena emateko aukera egongo da 19:30etik 21:00etara. Aurrerago data gehiago iragarriko dituzte.
Bazkide arruntek 40 euro ordaindu beharko dituzte urtean, eta hobariak izango dituzte sarrerak eskuratzeko eta ikastaroetarako. Bazkide Bidelagun izateko aukera ere badago, eta 35 euro ordainduta eta 5 orduko ekarpen soziala eginda, guneen erreserbak egiteko aukera izango dute. 0 eta 18 urte bitarteko Bazkide Txikiek 10 euroko ekarpena egingo dute, eta 19 eta 25 urte arteko Bazkide Gazteek, 15 eurokoa. Azken hauek ere Bidelagun izateko aukera izango dute, 10 euro ordainduta eta 5 orduko ekarpen soziala eginda.