Aitor Gametxo Zabalak eskuratu du Urrezko Antzarra Euskal Zine Bileran
Lekeitiarrak, sari potoloaz gain, Benito Ansola Gazte Epaimahaiaren eta EITB ikuslearen sariak ere bereganatu zituen zapatuko ekitaldian. Jose Ramon Soroiz ere Lekeitioko publikoaren aurrean agertu zen Begirada Saria eskertzeko.
Jaialdiko saritu eta partaide guztiak oholtzan talde argazkirako prest.Lekeitioko Udala 49. Euskal Zine Bilerak ere eman ditu bereak. Jaialdia atzo amaitu zen. Eguerdian, Irati Gorostidi Agirretxeren Aro berria film luzea ikusteko aukera izan zuten ikusleek, eta arratsaldean, ATZO8 proiektuan euskal zinema analogikoaren ondarea gordetzeko artxiboa aurkeztu zuten. Ikusgarri zinema bete-beteta amaitu zen bilera, Xabier Villalba Badiola lekeitiarraren Antzarra zerumugan dokumentalaren estreinaldiagaz.
Lehiaketa zapatuan amaitu zen ofizialki, eta sari banaketa ekitaldian batu ziren urriaren 15etik 17ra bitartean sail ofizialean proiektatu diren lanen egileak zein Lekeitioko zinemazaleak, irabazleak nortzuk diren jakiteko gogoz. Sariak banatzerakoan, argi geratu zen aurtengo ekitaldiak izen nagusi bat izan duela: Aitor Gametxo Zabala. Film Onenaren saria, Benito Ansola Saria eta EITB ikuslearen saria bereganatu ditu lekeitiarrak Geratzen den hori lanagaz.
Beretzat izan dira, hortaz, Film Onenaren Urrezko Antzarra eta 3.000 euroak. “Muntaian eta objektuen lanketan agertzen den sentikortasuna nabarmendu nahi dugu, topiko bisualetatik eta ohiko narrazio lekuetatik urrunduz. Filmaren indar bisual eta poetikoak hunkitu egin gaitu, eta filmagaz dolua lantzeko erritu batean egileak bidelagun egin gaituela sentitu dugu”, azaldu du Irati Gorostidi Agirretxe, Aimar Arriola eta Edurne Azkaratek osatutako epaimahaiak.

Jose Ramon Soroiz “oso eskertuta” agertu zen saria jasotzeaz.Lekeitioko Udala
Zuzendaritza Onenaren saria Elene Mangyu Larrinaga Bilbaok eskuratu zuen, Hogeita bat film laburragaz. “Zuzendariaren begirada eta ausardia nabarmendu nahi ditugu, euskal gizartean ere presente dagoen arrazakeria bezalako gai premiazkoa modu zuzenean eta bere esperientzia pertsonaletik abiatuta pantailara eraman duelako”, adierazi zuten epaimahaikideek. Larrinaga ekitaldira bertaratu ezin izan bazen ere, bere ordezkariak hartu zituen Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euroko saria.
Gidoi Onenari dagokionez, Aitor Arruti eta Izaro Arrutiren Mintzo zen ikus-entzunezkoak eraman zuen. Aitor Arrutik jaso zituen Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euroak. “Pertsonaia konplexu bat protagonista duen narrazioari eusteko gidoiak duen gaitasuna saritu nahi dugu. Pertsonaia horregaz identifikatzea zaila izan arren, interesgarriak bezain deserosoak diren galderak egitera eraman gaitu. Era berean, euskararen errealitate korapilatsua islatzen du, eta errealitate horrek sortu ditzakeen gatazkak eta egoera kontraesankor edo delikatuak erakusten ditu”.

Maite Larburu musikariaren kantuek girotu zuten ekitaldia.Lekeitioko Udala
Mintzo zen lanak jaso zuen baita ere Esperientziadunen epaimahaiak emandako Cikautxo Saria, “Lekeitio izan daitekeen herri bateko kontakizuna ekartzeagatik, borrokarako indarra eta esperantza transmititzeko gaitasunarengatik”. Bigarrenez oholtzaratuta, Zilarrezko Antzarra eta 1.000 euro jaso zituen Aitor Arrutik.
Gazte Epaimahaiak bereziki “dolua modu intimoan partekatzeko eta ikuslea benetan hunkitzeko duen gaitasuna” azpimarratu du Benito Ansola Saria Gametxori ematerako orduan. Zilarrezko Antzarra eta 500 euroko saria jaso zituen. Bestetik, zine bileratik igarotako ikusleek 5 puntutik 4,39 puntu emanda eskuratu zuen EITB Saria Geratzen den hori lanak. Beste Zilarrezko Antzar bat jaso zuen, 750 eurogaz batera.
Film laburren sariak banatzen hasi aurretik, Euskal Zinemaren Begirada Saria aurkeztu zuen antolakuntzak. Jaialdiak “urtero jartzen du arreta euskal ikus-entzunezkoen arloan ekarpen berezia egin duen pertsona edo eragile batengan”, eta aurtengo honetan Jose Ramon Soroiz aktoreari egin zaio aitortza, euskal kulturan, zineman eta telebistan egindako ekarpen zabalagatik. Eskertuta jaso zuen Soroizek saria.