Bertsoez gozatzeko aukera ederra izango da barikuan, Lekeition
Bertso saioa antolatu du Lekeitioko Zinemazale Elkarteak, Ikusgarri aretoan, 20:30ean hasita. Aissa Intxausti gai jartzailearen esanetara egongo dira Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Aitor Etxebarriazarraga.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa martxan den garai honetan, bertsoagaz lotuta dauden hainbat kultur ekintza egiten ari dira herririk herri, eta Lekeitio ere olatu horretara igoko da bariku honetan [urriak 23], Lekeitioko Zinemazale Elkartearen eskutik. Bertso saio berezia antolatu dute txapelketako bertsolariekin. Aissa Intxausti gai jartzailearen esanetara egongo dira Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Aitor Etxebarriazarraga, Ikusgarri aretoan, 20:30eatik aurrera.
David Madarieta Lekeitioko Zinemazale Elkarteko kidearen hitzetan, Euskal Herriko Txapelketa jokatzen egonik, momentu ona iruditu zitzaien bertso saio bat prestatzeko: “Elkarteagaz hamahiru urte daramatzagu, eta horietatik hamaika kultur ekintzak antolatzen, baina sekula ez dugu bertso saio bat antolatu. Beti izan dira kontzertuak, antzerkiak, bakarrizketak… Jendea erakarri zezakeela eta ekintza polita izan zitekeela pentsatu genuen”. Gainera, txapelketa garaian horrelako bertso saioak izatea bertsolariek ere eskertzen dutela uste du Madarietak, “burua arintzeko eta entrenamendu modura erabiltzeko”.
Data ixtea, baina, ez zen hain erraza izan, txapelketa garaian bertso saioak egiteko aukera handitzen den bezala, datak murrizten baitira: “Badakigu abenduko zubian Markina-Xemeinen egiten dela, azaroaren hasieran Gernika-Lumon egingo da beste bat…, txapelketa mailako bertso saio asko egiten dira entrenamendu modura erabiltzeko”.
Hasieratik argi izan zutena saioa osatuko zuten bertsolari eta gai jartzaile taldea zen. Alde batetik, parekidetasuna errespetatu nahi izan zuten bi emakumezko eta bi gizonezkok osatutako bertsolari taldeagaz, eta, saioa Lekeition izanda, gai jartzailea lekeitiarra izatea funtsezkoa iruditu zitzaien. Premisa horiek kontuan hartuta, oholtzan egongo zen taldea osatua zuten. Hasierako laukotea Andoni Egañak osatu zuen, baina konpromiso pertsonalak tarteko, Aitor Etxebarriazarragak hartuko du bere lekua Lekeition. Gai jartzaileen kasuan, Xabat Galletebeitia eta Aissa Intxausti zituzten hautagai: “Xabatek data horretan konpromisoa zuenez eta Aissak libre, honek gustura onartu zuen gai jartzaile lana”.
Madarietak uste du jendea animatuko dela saioa ikustera, herrian bertsozaletasuna badagoela pentsatuta: “Txapelketaren lehen faseko saio bat Lekeition izan genuen, eta frontoia goraino beteta egon zen. Ea frontoiko saioak izan zuen arrakasta Ikusgarrira ekartzen dugun”.
Gaur-gaurkoz, sarreren erdia baino gehiago salduta dute, baina egunotan erritmoa bizkortu eta saltzeko itxaropena daukate. 10 euroan daude salgai, elkartearen webgunean eta Zerbyte dendan. Sarrerarik geratuz gero, saioaren egunean bertan lehiatilan eskuratu ahal izango dira.