Europako zaporeak batzeko gazta dastaketa herrikoia hartuko du Uhagonek
Esneki Zentroak antolatuta, gazta dastaketa gidatuan parte hartzeko aukera izango dute bihar [urriak 21] markina-xemeindarrek.
Europako gaztagile eta esneki artisauen bilkura bete-betean murgildu da Markina-Xemeinen. Leartikerren Esneki Zentroak antolatutako bisitetan eta tailer praktikoetan parte hartzen ari dira sektoreko ekoizleak, teknikariak, ikertzaileak eta erakundeetako ordezkariak. Herria gaztagintzaren topagune bihurtu dute egun hauetan, eta Europako hainbat herrialdetatik etorri diren profesionalek gazta artisauak ekarri dituzte, euren herrialdeetako zaporeak hemen dastatu ahal izateko.
Uhagon Kulturgunea gazta dastaketa baten aterpe izango da bihar [urriak 21]. Europako hainbat herrialdetako gazta artisauak ezagutzeko eta zapore berriak probatzeko aukera izango dute herritarrek 18:30ean hasiko den bisita gidatuaren bitartez. Giro atsegin eta herrikoia sortuko dela aurreratu du Esneki Zentroak; gazten jatorria, ekoizpena eta berezitasunak ezagutzeko aukera paregabe bat
Pintxo ibilbidea. Markina-Xemeingo tabernek ere bat egin dute gaztaren asteagaz. Bertako produktuak eskaintzearen alde egin dute, eta horretarako, gazta pintxo lehiaketagaz herritarrei gozatzeko aukera emango die. Urriaren 22an, 23an eta 24an gazta pintxoak eskainiko dituzte Antsotegi, Ilunpe, Irurok, Iruzubi, Kintal, Melo’s, Mendibil, Mugarri, Naroki, Noa, Toldope eta Vega tabernek. 12:30tik 14:30era eta 18:30etik 21:30era egongo da gazta pintxoak probatzeko aukera. Zapatuan Artisau Gaztaren Azoka ospatuko dute Plazabarripean, hala, goizez bakarrik egongo da dastaketarako aukera. Azokan bertan, epaimahai espezializatu batek pintxo onena egin duen taberna sarituko du.