Tunantiak taldeko Manolo Montoro agurtuko dute zapatuan, Lekeition
Musikaria udan zendu zen, eta taldekideek eta Azkue Ikastolak omenaldia prestatu diote. "Bere omenez kontzertu bat egitea pentsatu genuen, berari gehien gustatuko litzaiokeen moduan, kontzertu bategaz eta berak maite zuen jende guztiagaz", azaldu du Urtzi Minguez taldekideak.
Manolo Montoro, bere azkenengo kontzertuetako batean.@kiolosa Manolo Montoro Tunantiak taldeko bateria-jotzailea uztailaren 8an zendu zen, 43 urtegaz, eta omenaldia egingo diote zapatu arratsaldean [urriak 24], Lekeition. 19:00etan Azkue Ikastolan plaka bat jarriko dute bere omenez eta, ondoren, ikastolako batukadak girotuta, herriko plazara joango dira. Bertan, 20:00etan, omenaldiko ekitaldi nagusia hasiko da, Tunantiak taldeak prestatutako kontzertu berezia, hain zuzen ere.
Taldeak ohiko errepertorioa joko du, baina emanaldia ez da horretan geratuko. Lagun asko izango dituzte oholtzan, eta bestelako ezohiko elementuak sartuko dituzte omenaldian. “Lekeitioko Deabruak egongo dira, beste talde batzuetako abeslariak egongo dira, berari egindako bideo bat ere emango da. Kanta bat ere egin diogu berari. Bilbotik ere etorriko dira geugaz jo zuten gazte batzuk. Kontzertu desberdina izango da, azkenean berak maite zuen jende guztiak parte hartuko du, eta berezia izango da”, azaldu du Urtzi Minguez taldekideak.
Montororen lagun bat animatu da kontzertuan bateria jotzaile izatera eta errepertorioko kantuak ikastera eta, zelan ez, ingurukoen laguntza edukiko dute prestaketa lan guztietarako: “Elkarlanean egingo da lana, guk muntatuko dugu dena, jendea etorriko da eszenatokia muntatzera, Galarrenako jendea dator baita ere laguntzera…”.
Montorok hiru urte zeramatzan Azkue Ikastolako mantentze-lanetarako teknikari moduan, eta Minguezen esanetan, oso pertsona maitatua zen ikastolako jendearen artean. Ikastolatik plazara egingo duten ibilbidea girotuko duen umeen batukada berak sortu zuen. Herriko Rufo Atxurra plazan, San Pedro Baltz Egunean jo zuen bere azken kontzertua. Urtebete zeramaten taldeagaz, baina gauza asko gertatu ziren denboraldi horretan: “Urtebete oso bizia izan da, kontzertu kopuru handiagaz, bera ere oso pertsona xelebrea zen, eta momenturik onenean geundenean joan zitzaigun”.
Omenaldia, azken batean, hurbilekoek laguna agurtzeko modu bat izango da: “Ez dakigu hemendik aurrera zer gertatuko den, bateriak gugaz jarraituko duen, baina etapa honi amaiera emateko modua izango da, berari gustatuko litzaiokeen moduan. Azkenean, berarentzako kontzertu bat egingo da, denok ondo pasatuz”.