Euskara eta kulturartekotasun astea egingo dute hirugarrenez Lekeition
Helburu naugsia kultura desberdinetako jendearen harremanak sendotzea dute. Gazteak izango dira egitarauaren publiko nagusi, baina herritarrei zabaldutako ekintzak ere izango dituzte.
Euskara eta kulturartekotasun astea aurkeztu dute.Lekeitioko Udala Datorren astea euskara eta kulturartekotasun astea izango da lekeitiarrentzako. Ikastetxeek, Musika Eskolak, UEMAk, AEKk eta Lekeitioko Udalak antolatutako aste horrek herriko kultura desberdinen arteko harremana indartzea du xede. “Helburua da kulturak euren artean harremanetan jartzea eta guk ere beste kulturetan dauden egoera ezagutzea”, adierazi du Ander Goikoetxea Euskara zinegotziak. Bere esanetan, garrantzitsua da hizkuntzaren ikuspegia sartzea ekimen horretan: “Nahi dugu baita ere euskara izatea ardatza, baina guk ere ulertuta badaudela munduan beste hizkuntza gutxitu eta zapaldu batzuk, eta euren errealitatea ere ezagutu eta guk ere gure hizkuntzarako eredutzat erabili ahal izatea”.
Ikastetxeekin hainbat lanketa egingo dituzte; izan ere, egitaraua hein handi batean gazteei zuzendutakoa da. Baina badaude herritarrentzako ekintzak ere, eskaintza adin guztiei zabalduz: “Baditugu ekintzak herrira begira ere. Astelehenean hitzaldia dago Garabide Elkarteagaz eta beste kultura batzuetako jendeagaz, eta ostiralean Kneecap dokumentala eskainiko da Ikusgarri aretoan. Nahi dugu ikasleengan zentratu baina herrira begira ere ekintzak antolatu”.
Aste hori antolatzeko egitasmoa gurasoen arteko komunikazio arazo batek piztu zuen. “Hasieran guraso bileretan komunikazio arazo bat zegoen. Euskaraz egiten ziren, gero beste bilera bat egiten zen erdaldunentzako, eta jendeak harremanak galtzen zituen euren artean. Gero jauzi bat eman zen, Telegrameko itzulpen zerbitzu baten laguntzaz bilerak elkarrekin egiten ziren, hala bileraren parte baten, elkarregaz gai baten inguruan jarri gurasoak hitz egiten zutelarik, harremanak sendotze aldera”. Hortik arazoaren lanketan jarraitu zuten pixkanaka-pixkanaka, euskara eta kulturartekotasun asteari forma eman arte.
Egitaraua
Urriak 26
- Goizean. Sentsibilizazio tailerrak Garabide elkarteagaz, ikastetxeetan.
- 18:30. Munduko hizkuntzak biziberritzen: Mayaat’aan, bubi eta guarania hitzaldia, Azkue aretoan.
Urriak 27
- Goizean. Antzerki foroa ERNE elkarteagaz, ikastetxeetan.
Urriak 28-29
- Goizean. Ispiluari begira tailerra eta ipuin kontaketak, ikastetxeetan.
Urriak 30
- Goizean. Ikasleen Lipdub grabaketa Musika Eskolarekin, kalean.
- 19:00. Kneecap filma, Ikusgarri aretoan.
Urriak 31
- Goizean. Euskara eta kulturartekotasun jaia Ikastolak antolatuta, plazan.