Kuirpunk transfeministak beteko du Akerbeltz gaztetxea
Okerra kolektiboak Perlata eta Pentsauko Jatsu taldeen kontzertuak antolatu ditu zapaturako [urriak 24]. 22:00etan hasiko dira kontzertuak eta 7 euroren truke ikusi ahalko dira.
Udako oporraldia amaituta, kontzertuak berrartu ditu Okerrak. “Ilusioz beteta” hasiko dute, beste urte batez, Akerbeltz gaztetxea musika zalez betetzen duen kontzertu zikloa. Zapatuan [urriak 24], 22:00etan dute lehen hitzordua, eta punk doinuak eskaintzera igoko dira oholtzara Perlata eta Pentsauko Jatsu taldeak. Kontzertuak ikusteko 7 euro ordaindu beharko dira.
Arrasatetik dator Pentsauko jatsu punk talde transfeminista. “Amalurrari, disidentziei, harremantzeko beste moduei, proiektu kolektiboei eta gorputz ez normatiboei” eskaintzen dizkie euren kantuak. Maialenek, Anek, Jaiok eta Txerrak Arrasaten sortu zuten Perlata kuirpunk taldea, eta “musika zuzena, kurba eta bazterretatik egindakoa” sortzera datozela aurreratu du Okerra kolektiboak.