Landa eremuko bide sarea liburuxka baten bildu du Ziortza-Bolibarko Udalak
Eskuliburuaren aurkezpena egingo dute barikuan [urriak 24], 18:30ean, udal osoko bilkura aretoan.
Ziortza-Bolibarko Udalak bide publikoen udal-inbentarioa egitea bultzatu du bere landa-eremuko bide-sarea babestu, kontserbatu eta balioesteko helburuagaz. Udalerriko lurretan dauden herri-bide, baserri-bide eta mendi-bideen erregistro ofizial eta juridikoa herritarren eskura jartzeko, liburuxka bat sortu dute.
Administraziorako kudeaketa tresna eta dibulgaziorako dokumentu izango da liburuxka, eta honen nondik norakoak azaltzeko aurkezpena egingo du udalak barikuan [urriak 24], 18:30ean, udal osoko bilkura aretoan. Ekitaldiak, beraz, “bizilagunei eta erabiltzaleei bide publikoek ondare kolektiboaren zati gisa duten garrantzia ulertzen laguntzea” izango du helburu.
Ziortza-Bolibarrek Euskal Herrian duen “leku estrategikoa” kontutan hartuta osatu dute lana. Herrigunea eta inguruko landa eremua gurutzatzen duten bideak “funtsezkoak izan ziren merkataritzarako eta komunikaziorako” urte luzez. Naturaren, bizitza sozioekonomikoaren eta kulturaren arteko orekan ezinbestekoak izan dira beti, eta eskuliburua izango da garrantzia hori herritarrei helarazteko tresna.
Inbentarioa egiteko dokumentu-ikerketa, landa-lana eta analisi kartografikoa uztartzen duten “lan tekniko sakona” egin dute. Horretarako, Bizkaiko Aldundiaren kartografia ofiziala, koaderno topografikoak, Institutu Geografiko Nazionalaren mapa topografikoak, katastroko kartografia eta ortoargazkiak, Udaletxearen eta Foru Aldundiaren dokumentu historikoak eta bizilagunen eta erabiltzaile ohien testigantzak erabili dituzte. Bide bakoitza kode eta fitxa indibidual baten bidez identifikatu dute; bidearen izena, trazadura, luzera, zabalera, azalera, kontserbazio-egoera eta ohar garrantzitsuak zehaztuz.