Lekitto Bedarrak Usotegi Eguna dakar zapatuan
Nagusientzako ekintzen artean, 'Itsasoko ura, orturako ongarri ezin hobea' hitzaldia eta aitzur jaurtiketa nabarmentzen dira eta umeentzako txorimaloa egiteko jolasa berreskuratuko dute.
Usotegi eguna antolatuko dute zapatuan hamabigarren urtez, eta egitarau oso bat prestatu dute Lekitto Bedarrak ekimenaren barruan egiten duten lana bistaratzeko. Adin guztietarako ekintzak antolatu dituzte eta ekimenaren lana ezagutzeko ate irekiak izango dituzte, hurbildu nahi duen orok gozatu eta egun polita igaro dezaten.
Julian Arrate ekimenaren kideak Lekitto Bedarraren helburu nagusia herritarrei ortugintzari buruzko formazioa ematea dela gogoratu du, eta 12:30ean izango duten Itsasoko ura, orturako ongarri ezin hobea hitzaldia nabarmendu nahi du eguneko ekintza nagusi moduan: “Zapatuan ikastaro oso polit bat izango dugu, itsasoko ura ongarri modura nola erabili ikasiko dugu. Ongarri ezin hobea da eta alboan izanda ez dugu ezagutzen”. Miguel Angel Beitia zeanuritarrak itsasoko uraren erabilera aztertu du eta Arratek galdu ezin den hitzaldia dela uste du.
Umeak ere ez dituzte ahazten, jaten dituzten elikagaiak nondik datozen ikastea funtsezkoa dela uste du Arratek, eta umeak bertara erakartzeko, urte batzuetan egin izan ohi duten txorimaloa egiteko jolasa berreskuratu dute. 10:00etatik 11:30era izango da, txapel jaurtiketarekin batera. Arratek dioenez, ekintza arrakastatsua izan ohi da eta aurten egitaraura ekartzea erabaki dute.
Ondoren, nagusien aitzur jaurtiketa jokatuko dute eta Arratek garrantzia berezia ematen dio: “Leku batzuetan egiten da, baina hemen inguruan ez dut uste inon egiten denik, eta hemen duela urte batzuk emakumeen kategoria jartzen hasi ginen eta hala egiten dugu, gizonezkoena eta emakumeena”.
Egitarau barruan, 9:00etatik 13:00era, Kostabi ekoizlearen barazkien salmenta izango dute. Arratek kontatu duen moduan, Lekitto Bedarrak inguruko ekoizleei laguntzea ere badu helburu. Hasiera batean bertako ekoizleei bere produktuak saltzeko aukera ematen zitzaien, baina gaur egun ekoizle bati ematen zaio laguntza hori: “Bi edo hiru (ekoizle) etortzen ziren bere sasoian baina desagertzen joan dira, eta gaur egun Bingen de la Torreren Kostabi mantentzen dugu. Laguntza modura bere produktuak jasotzen ditugu, guk jartzen ditugu saltzen eta ondoren irabazten den dirua berari ematen diogu”.
Egitarauari amaiera emateko, 13:45etan talde argazkia egingo dute bertaratutako guztiekin, eta 14:00etan Atea tabernan batuko dira denak pintxo batzuk janaz eguna amaitzeko.
Egitaraua
9:00-13:00. Kostabi ekoizlearen barazkien salmenta zuzena.
10:00-11:30. Umeekin txori malua egiteko jolasa eta txapel jaurtiketa.
11:30. Nagusien aitzur jaurtiketa.
12:30. Hitzaldia Itsasoko ura, orturako ongarri ezin hobea Miguel Angel Beitiaren eskutik.
13:45. Talde argazkia.
14:00. Pintxoak Atea tabernan, taldekide eta jarraitzaileentzako.