Zapatuan I. Open Lekeitio Boccia txapelketa antolatu du udalak
Lekeitioko kiroldegiak hartuko du boccia txapelketa ofiziala. Herriko plazan jokalarien errealitateari buruzko sentsibilizazio gunea egongo da.
Lekeitioko Udalak aniztasun funtzionala duten hainbat kirolari batuko ditu, Haszten Elkartearen laguntzaz zapatuan antolatu duten boccia txapelketan. Euskal Herriko kirolariek lehenengoz Lekeition jokatzeko aukera eskaintzeaz gain, helburua bai aniztasun funtzionala duten pertsonen egoera eta bai praktikatzen duten kirola ezagutaraztea da. “Errealitate bat Lekeitiora ekartzeko antolatu dugu boccia txapelketa irekia, Euskal Herri mailan boccia jokatzen duen edonork parte hartu dezake eta txapelketa ofiziala izango da”, adierazi du Leire Fernandez udaleko kirol teknikariak.
Txapelketa kiroldegian jokatuko da 9:00etatik hasita eta bitartean herriko plazan sentsibilizazio gunea prestatuko dute herritarrek ere kirol horren eta kirolarien errealitatea ezagutu dezaten: “Goizean hasiko dira partiduak eta eguerdira arte jokatuko dituzte. Asmoa da partiduak jokatzen ari ez diren beste kirolariekin plazan, eurak eramango dituzte material desberdinak, ekintza edo dinamika desberdinak egitea ezagutzera emateko”. Txapelketa kiroldegiko kantxan egingo da, eta herriko plaza kirola bistaratzeko eszenatoki egokia dela iruditzen zaio udalari, jendearen bistara eta edonork ikusteko moduan.
Txapelketa bukatutakoan, eguraldiak laguntzen badu, sari banaketa plazan egingo da 14:00etan eta ondoren mokadutxo bat prestatuko dute parte hartzaile guztientzako. Euria eginez gero, kiroldegian egingo da.
I. Open Boccia txapelketa udaletik prestatutako ekintza plan baten barruan antolatu da. Iaz Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera diagnostiko bat egin zuten, Lekeition kirol egokitu eta inklusiboaren errealitatea eta aniztasun funtzionala duten pertsonen egoera aztertzeko. Diagnostiko horretan ikusi zuten Lekeition badaudela aniztasun funtzionala duten herritarrak, eta azterketa horretatik adostu zuten “egokia izango litzatekeela kirol egokitu inklusiboaren ekintza plan bat aurrera eramatea”. Ekintza plan horren barruan sartzen da Open Boccia txapelketa.
Horretaz gain, bi aste hauetan Haszten Elkarteko aditu bat izan dute herriko kirol eragileei kirol egokitu eta inklusiboari buruzko formakuntzak ematen eta gaiaren inguruan sentsibilizatzen. Aniztasun funtzionala duen pertsona bat euren klubera hurbilduz gero, klubak ze herraminta izan ditzakeen eta horretarako profesionalek formakuntza bat behar dutela eta asteotan udala formakuntza hori eskaintzen ari da herriko eragileei. Jasotako formakuntza osatzeko, partaideetako bi txapeleta ikustera gonbidatu dituzte.