Markina-Xemein eta Etxebarri batuko dituen tunelaren bi ahoak batu dituzte
Irailean berrartu zituzten egoera geologikoagatik atzeratu zituzten lanak. Aurrerapauso handia izan da bi herriak batuko dituen saihesbidea eraikitzeko prozesu "konplexuan".
Langileak bi ahoak batu zituzten unean.Bizkaia.eus Markina-Xemein eta Etxebarria batuko dituen saihesbidearen obrek aurrerapauso esanguratsu bat eman zuten atzo [urriak 21]; tunelaren bi ahoak lotzea lortuz. 500 egun baino gehiagoko prozesu “konplexua” izan da, hala, 28 langileek pozik ospatu zuten 335 metro izango dituen tunelaren lanetan mugarri izan den lorpena.
Aurrez ezagutzen ez zuten egoera geologikoak eraginda, bi herriak batzea helburu zuen saihesbideko obrak atzeratu egin ziren 2025eko irailean. Lur mugimenduak antzeman zituzten tunela zulatzeko lanetan, eta espero ez zituzten material heterogeneoekin eta haustura tektonikoekin egin zuten topo. 2026 hasierarako amaituta behar zuen saihesbideak, beraz, ez zituen aurreikuspenak bete. Carlos Alzaga azpiegituretako eta lurralde garapenerako saileko foru diputatuak adierazi bezala, 2026ko irailean “segurtasunez” berrartu zituzten lanak, eta atzoko eguna mugarri izan zen lanetan. Aurrera begira jarri eta lanen hurrengo pausoagaz jarraitzeko unea dute orain. Tunelaren goiko aldea zulatuta, beheko aldeko lurra kentzko lanak abiatuko dituzte.
Etxebarriko lantegietara heltzeko Markina-Xemeingo herrigunea egunero zeharkatzen duten autoen jarioa murriztea da saihesbidearen helburua. Hala, lanen hasieran Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkateak zehaztu bezala, Plazabarripea berrantolatzeko eta herrian oinezkoei lehentasuna bermatzeko balioko du.