Areto bete jende, 'Gramo bat' albumaren aurkezpenean
Peru Abarka lehiaketako album irabazlea aurkeztu dute Nerea Loiola Pikaza idazleak eta Maider Leturiaga Angoitia ilustratzaileak, Markina-Xemeingo udal osoko bilkura aretoan. Imanol Epeldek girotu du emanaldia, Gabriel Aresti eta Bizenta Mogelen testu musikatuekin.
'Gramo bat' lanaren aurkezpena. Peru Abarka lehiaketa irabazi duen Gramo bat albumaren aurkezpena egin zuten barikuan 20:00etan, Markina-Xemeingo udal osoko bilkura aretoan. Duela hogei urte baino gehiago Mari Eli Ituarte eta Igor Idoetak sortutako lehiaketak fruituak ematen jarraitzen du, eta aurten ere izan ditu irabazleak: Nerea Loiola Pikaza idazlea eta Maider Leturiaga Angoitia ilustratzailea. Biak ere aurkezpenean egon ziren sormen lanaren nondik norakoak kontatzeko, eta Imanol Epelde idazlea izan zuten gonbidatu, saioa girotzeko.
Markina-Xemeingo Udaleko Euskara eta Kultura zinegotzi Ituartek gidatu zuen ekitaldia. Oso interesgarria izan zen. Bakoitzak hamar minutu inguruko azalpenak eman zituen. Loiolak, bere aldetik, testuaren inguruko xehetasunak eman zituen, «spoilerren bat edo beste» egin zezakeela azalduta. Nolabait, berak sortutako testuaren nondik norakoak azaltzeko beharra sentitzen zuen. Aitorpena egin zion baita ere, berak inspirazio iturri erabilitako bi idazleri; horien artean Kristalezko begi bat liburuaren egile Miren Agur Meaberi.

‘Gramo bat’ lanaren aurkezpen ekitaldia egin zuten barikuan.
Leturiagak bere ilustrazio lana iruditan erakutsi zuen, bere lan prozesua azaltzeko. «Lehenengo nola hasten den, ideia bat hartu, gero zirriborratu, zirriborro horretatik nola pasatzen den unitate bat lortzera, zeintzuk elementu aukeratu zituen eta gainerako guztia», azaldu du Ituartek.
Bi irabazleak «oso gustura» agertu ziren egindako lanagaz, batak bestearen lanean eraginik izan gabe. Izan ere, Ituartek nabarmendu du lehiaketako idazketa eta ilustrazio prozesuak independenteak direla: «Narrazioa alde batetik doa, eta idazleak ez du inongo parterik ilustratzailearen aukeraketan. Kasualitatea izan da biak Zarautzen bizi direla. Gerora izan dute harremana, baina behin Maider Leturiaga saritu ondoren».
Antolakuntzatik ere pozik daude lehiaketan jasotako lanen kalitateagaz. Iaz albumik argitaratu gabe gelditu ziren, eta, aurten, idatzizko 29 lan aurkeztu zituzten eta sei ilustrazio lan, «inoizko gehien».
Ekitaldiko protagonistak Gramo bat lanaren egileak izan baziren ere, Imanol Epelde zarauztarrak bere musikagile sena erabili zuen aretoa girotzeko. Batetik, Gabriel Arestiren Apur Ditzagun Kateak poema rap estiloan interpretatu zuen; bestetik, Bizenta Mogelen Ipuin Onak liburuko hitzaurrea errezitatu zuen, musikaren laguntzagaz. Ituartek Epelderen testuen hautaketa oso aproposa izan zela dio: «Biak ere oso ondo aukeratuta egon ziren. Gabriel Aresti erreferente dugu euskal letretan eta euskal kulturan eta zer esan Bizenta Mogeli buruz, gure herriko parkeak bere izena du eta lehiaketa Peru Abarka deitzen da». Jendeari asko gustatu zitzaiola gehitu du. Giro oso ona egon zela azpimarratu du Ituartek, aretoa beteta, inguratutako herritar guztiek iluntze ederra igaro zuten irabazleen azalpenen eta Epelderen poesiagaz. Ekitaldiagaz bukatzeko, kopauaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren guztiek, «oso giro onean» osteko unea elkarbanatzeko.
Ituartek nabarmendu du EREINgo gerente Gari Arzallus eta Uxue Razquin editorea ere bertan izan zirela, EREINetik datorren urtean ere parte hartuko dutela baieztatu zuten, eta udalak ere konpromisoa hartu du hurrengo deialdi bat zabaltzeko. Abenduan zabalduko da 2027ko idazleen deialdia. Bestalde, Peru Abarkaren Gramo bat albuma azaroaren 6an Donostian aurkeztuko da, eta Durangoko Azokan, Ahotsenean.