Aitor Gametxo: "Polita izango litzateke euskarazko film labur bat Goya Sarietan aukeratua izatea"
Aitor Gametxoren 'Geratzen den hori' film laburral Film Labur Dokumental Onenaren sarirako izendapenen aurretiko hautagaitza lortu du, beste 14 lanekin batera. Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako akademikoek emango dute botua bost izendatuak erabakitzeko.
Euskal Zine Bilerako Film Onenaren Urrezko Antzarra lortu ondoren, Aitor Gametxo Zabala lekeitiarraren Geratzen den hori lanak Goya sarietarako izendapena lortzeko hautagaien artean egotea lortu du. Goya Sarien ekitaldia datorren urteko otsailaren 6an egingo da, eta 18 minutuko lana ekitaldi horretan Film Labur Dokumental Onenaren saria eskuratzeko hautagaien artean egoteko lehiatuko da.
Lekeitiarrak pozik eta gogotsu hartu du albistea, baina zuhurtasunez: “Ilusio askogaz hartu dut. Egia da baita ere aurreaukeraketa bat dela eta gero ezerezean gelditzea, baina printzipioz egindako lanari aitortza bat da”.
Sailkatze prozesuak nola funtzionatzen duen kanpotik jakitea ez da erraza, baina Gametxo beste batzuengadik ikasten ari da gauzak nola gertatzen diren estatu mailako sari hauetan: “Nik ere ez dut asko ulertzen prozesua eta ikusleen bidez ari naiz pixkanaka ulertzen nola funtzionatzen duen barrutik. Antza puntuen bidez pasatu dugu muga, jaialdietan egoteagatik, aukeratuak izateagatik eta gero sariak izateagatik”. Iaz Zinebira jaialdian estreinatu zuen film laburra eta, Gametxoren hitzetan, Gran Premio del Cine Español saria eskuratzeak puntuak eman dizkio Goya Sarietarako hamabost film aurreaukeratuen artean egoteko.
Aurre hautagaitza horren ondoren, hamabost lanen artean erabakitzen da Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako akademikoen bitartez. Gainera, espezialitate guztietako akademikoek ematen dute botoa: “orain jendeak filma ikusi behar du eta euren botoa eman”.
Gametxok ez ditu izendapenerako aukerak baztertzen, eta “itzela” izango litzatekeela adierazi du, baina badaki aukera horiek zeintzuk diren eta hankak lurrean ditu: “Bost izendatuen artean egotea itzela izango litzateke, baina ez dut ideiarik ere”. Ez daki lanei botua emateko “ze logika inposatzen” diren eta amesten hastea arriskutsua dela uste du: “Agian hobeto da ez emozionatzea. Espero barik aukeratua izatea hobe izango da alderantziz pasatzea baino”.
Geratzen den hori lana aukeratua izatearen kasu hipotetikoan, Gametxok filmaren aitortzaz gaindiko lorpena izan dezakeela konturatu da, euskarazko lana izanda: “Guzti honekin pentsatzen egon naiz eta polita izango litzateke euskarazko lan bat, euskaraz eta lekeitiarrez egindako lan lokal bat, aukeratua izatea. Ikaragarria izango litzateke”.
Fitxa teknikoa
Zuzendaria: Aitor Gametxo Zabala (1989, Lekeitio)
Gidoia: Maria Elorza Deias eta Aitor Gametxo Zabala
Iraupena: 18 minutu
Generoa: Dokumentala
Sinopsia: 2011n ama hil ondoren, zuzendariak bidaia intimo bati ekingo dio haren objektu pertsonalen eta oroitzapenen bidez. Film labur dokumental honek dolua eta gaixotasuna eta hauek duintasunarekin, zaintzarekin eta transmisioarekin duten lotura aztertuko ditu, zinema iragana ezagutzeko tresna moduan aldarrikatuz.