Aitor Gametxoren "Geratzen den hori" film laburra Goya Sarietarako izendapenaren bila
Lekeitiarraren lanak Film Labur Dokumental Onenaren sarirako izendapenen aurretiko hautagaitza lortu du, beste 14 lanekin batera.
Euskal Zine Bilerako Film Onenaren Urrezko Antzarra lortu ondoren, Aitor Gametxo Zabala lekeitiarraren Geratzen den hori lanak Goya sarietarako izendapena lortzeko hautagaien artean egotea lortu du. Goya Sarien ekitaldia datorren urteko otsailaren 6an egingo da, eta 18 minutuko lana ekitaldi horretan Film Labur Dokumental Onenaren saria eskuratzeko hautagaien artean egoteko lehiatuko da.
Geratzen den hori. 2001n ama hil ondoren, zuzendariak bidaia intimo bati ekingo dio haren objektu pertsonalen eta oroitzapenen bidez. Film labur dokumental honek dolua eta gaixotasuna eta hauek duintasunarekin, zaintzarekin eta transmisioarekin duten lotura aztertuko ditu, zinema iragana ezagutzeko tresna moduan aldarrikatuz.