Festa giroan agurtu dute Manolo Montoro
200-250 lagun inguru batu ziren Azkue Ikastolan zapatu arratsaldean [urriak 24] bere omenezko plaka jartzeko. Jarraian, bi ordu eta erdiko kontzertua eskaini zuen Tunantiak taldeak, beste hainbat musikarigaz.
Tunantiak taldeak kontzertu berezia eman zuen plazan.Peio Manolo Montoro Tunantiak taldeko bateria jotzailea omentzeko jai berezia antolatu zuten musika taldeak eta Azkue Ikastolak zapatuan [urriak 24]. Arratsaldetik gauera bitartean prestatu zuten omenaldia, eta ekintzek hasiera-hasieratik batu zuten jendea.
Ikastolan zuten hitzordua jarrita 19:00etan. Txiki zein nagusi, 200-250 pertsona inguru elkartu ziren bertan, Montororentzat egindako plaka jartzeko. Ikastolako txoko esanguratsu batean jarri zuten Manolon txokua irakur daitekeen plaka. Izan ere, azken urteetan ikastolan lan egin zuen mantenu lanetan, eta pertsona “oso maitatua” zen lankideen eta ikasleen artean.
Urtzi Minguez Tunantiak taldeko kideak adierazi du “hunkigarria” izan zela ikastolako ekitaldia. Ikastolako umeek, plaka jartzeagaz batera, Montororentzako kantatu zuten, eta Minguezek umeen “ilusio aurpegia” nabarmendu du. Montoro irudikatzen zuen erraldoi bat ere sortu zuten, eta ikasleek mezuz eta argazkiz bete zuten txokoa, “giro ederrean”.

Ikastolako omenaldia amaituta, Montorok berak sortutako batukadak girotu zuen ikastolatik plazara egin zuten kalejira. Umeek omenduarentzako egindako pankartari helduta egin zuten ibilbidea.
Denak plazan batuta, Tunantiak taldeak biribildu zuen omenaldia, 20:00etan hasita eman zuten kontzertuagaz. Plaza bete-beteta egon zen. 27 kantu jo zituzten hainbat lagun musikarik lagunduta bi ordu eta erdi iraun zuen emanaldian: “Jendea ez zen mugitzen, gustura zeuden seinale”.
Ekitaldi polita izan zela nabarmendu du Minguezek: “Bere Bilboko lagunak ere etorri ziren, eta bazkaritxo bat egin genuen denok batera, eta ondo joan zen dena. Berak merezi zuen agur bat izan zen, berari gustatuko litzaiokeen moduan, lagun artean”.