Garabide Elkarteak hasi du Euskara eta Kulturartekotasun Astea
Munduko hizkuntza gutxituen komunitate desberdinetako ekintzaileek egun osoko jardunaldia izan zuten atzo [urriak 26] Lekeition, Euskara eta Kulturartekotasun Astearen barruan.
Munduko hizkuntzak biziberritzen hitzaldiko hizlariak.Diego Armin Pacheco Euskara eta Kulturartekotasunaren Astea abian da Lekeition, eta atzo [urriak 26] Garabide Elkarteak antolatutako egunagaz ekin zitzaion ekintzaz betetako egitarauari. Garabide Elkartea munduko hizkuntza gutxituen komunitateak indarberritzen laguntzen aritzen den gobernuz kanpoko erakundea da, eta Lekeitioko Udalagaz hitzarmena sinatu berri du Euskara eta Kulturartekotasunaren Astearen barruan urtero aditu formazioa egiten ari diren ekintzaileak ekartzeko. Atzo, formazioa egiten ari den ekintzaile taldea Lekeition egon zen, eta egun osoko jardunaldia izan zuen herriko errealitatea ezagutzeko eta lekeitiarrei euren komunitatea ezagutarazteko.
Goizean, Lekeitioko bi ikastetxeetako DBH 3. eta 4. mailatako gela guztietan bina ekintzaile bertaratu ziren, eta bakoitzak bere komunitatearen azalpen orokorra eman zien ikasleei. Azalpenen ondoren, dinamikak egin zituzten hizkuntzen inguruko sentsibilizazio lana egiteko. Parte hartzea “oso polita” izan zen; ikasleek gogotsu hartu zituzten dinamikak: galderak egin zituzten eta jakinmina agertu zuten. Jarraian, Lekeitioko txokoak ezagutzeko aukera izan zuten ekintzaileek. Bazkalostean, euskara eta tokiko nekazariak sustatzeko Errigora ekimena ezagutzeko aukera eduki zuten Azkue ikastolan.
Jardunaldia amaitzeko, Munduko hizkuntzak biziberritzen hitzaldia egin zuten 18:30ean, Azkue aretoan: Diego Armin Pacheco, Isabel Copa Sepa eta Miguel Angel Veron Gomez ekintzaileak izan ziren hizlariak. Bakoitzaren hizkuntzaren egoerari buruz hitz egin zuen. Ondoren, Euskal Herrian egiten ari diren egonaldiko bizipenak azaleratu zituzten eta euskaldunek bere hizkuntzarekiko erakusten duten lankidetza eta batasuna nabarmendu zituzten. Berbaldia euren komunitatearen etorkizuneko irudikapen bat eginez amaitu zuten. Herritarrek interesa agertu zuten, eta galderak egin zizkieten hizlariei.