Goi-goia ukitu du Markina-Xemeingo Mendi Asteak
Mendizaletasuna eta kultura uztartu dituen Mendi Astea ospatu dute Markina-Xemeinen. Jon Alberdi Etxabe eta Oihane Sarasketa Iranzo izan dira arinenak Txara Trail lasterketan.
Olatz Salaberria, Oihane Sarasketa eta Yvonne Iturgaiz Fernandez, Txara Traileko podiumean. Mendigoizale eta kultura zaleek hamaika ekintzaz gozatzeko aukera izan dute Markina-Xemeinen. Joan den eguenean hasi eta domekara arte, mendia erdigunean jarri dute Artibai Mendigoizale taldeak, Aringa-Aringa kirol klubak, Mendi Tour film zikloak eta Antsotegi hotelak. Balorazio “oso positiboa” egin dute antolatzaileek, hala ere, ardura puntu bategaz amaitu dute astea: “Hitzaldietara ez da jende askorik gerturatu eta horrek bai arduratzen gaitu, hizlariek oso gai interesgarriak azaltzen dituzte eta”.
Antsotegi hotelean izan zuten lehen hitzordua, izan ere, interesdunek bertan izan zuten Mun Brakk II. Izar gorri, mamuon betiko argi hitzaldia entzuteko aukera. Aditu gehiagok hartu zuten hitza Mendi Astean; zapatu arratsaldean ongizateari, kirolari eta elikadurari izan zituzten hizpide Ainhoa Lendinez Garate kirolari eta kazetariak eta Alex Arrate Zelaia dibulgatzaile eta elikaduran adituak. Gizartean betebehar garrantzitsua dute solasaldi hauek, hala ere, hitzaldietara joateko joerak beherakada izan duela aitortu dute antolatzaileek. Gauzak horrela ikusi badituzte ere, “egoerari buelta emateko” itxaropanagaz agertu dira: “Ea egoerari buelta ematen diogun eta aretoak betetzen hasten garen berriro”.

Ainhoa Lendinezek eta Alex Arratek euren ezagutzak partekatu zituzten.

“Mun Brakk II. Izar gorri, mamuon betiko argi” hitzaldia hartu zuen Antsotegi hotelak.
Orientazio tailerrek eta irteerek ere izan zuten tokia aste berezian. Barikuan 12 urtetik gorako gazteek hitzordua izan zuten Bekobentan, eta domekan 8 kilometroko orientazio ibilbidea egiteko batu ziren herritarrak.

Orientazio ibilbidean batu ziren hainbat herritar.Markina-Xemeingo Udala
Txara Trailek ehundaka korrikalari batu zituen zapatuan Markina-Xemeinen. Antolakuntzak adierazi duenez, 312 parte hartzaile izan zituen mendi lasterketak, eta balorazio positiboa eginez, “urtetik urtera handitzen” doan ekimena dela azpimarratu dute. 18 kilometroko luzera eta 1150 metroko desnibel positibodun ibilbidean Jon Alberdi Etxabe eta Oihane Sarasketa Iranzo izan ziren arinenak, egin beharrekoak 01.39,31ko eta 02.05,59ko denboran amaituta, hurrenez hurren. Beñat Onaindia Arrizabalagak eta Olatz Salaberriak lortu zuten zilarrezko domina, 01.40,22ko eta 2.06,59ko markekin. Joanes Txurruka Aizpuruk eta Yvonne Iturgaiz Fernandezek lortu zuten hirugarren postua, 1.43,32ko eta 2.09,39ko markagaz. Arkaitz Galindez Aizkorreta izan zen helmugara heldu zen lehen Markina-Xemeindarra, 01.51,10eko denboran.
Txara Motx egin zuten korrikalariek ere erakustaldi handia egin zuten. Ekaitz Lejarzegi Urizarrek (00.54,17) eta Zuriñe Hoyos Izagak (01.10,58) eskuratu zuten lehen postua. Iurgi Etxeandia Lejarzegik (00.55,35) eta Ainhoa Ibaibarriaga Revueltak (01.12,26) bigarren denbora onenak egin zituzten, eta hirugarren postua eurenganatu zuten Manex Urrizak (00.55,43) eta Nahia Ibarzabal Gisasolak (01.12,38). Ibarzabal izan zen, gainera, Markina-Xemeingo lehena; gizonetan, aldiz, Julen Rekalde Arrieta (01.03,44).

Iurgi Etxeandia, Ekaitz Lejarzegi eta Manex Urriza, Txara Motxeko podiumean.

Beñat Onaindia, Jon Alberdi eta Joanes Txurruka, Txara Traileko podiumean.

Olatz Salaberria, Oihane Sarasketa eta Yvonne Iturgaiz Fernandez, Txara Traileko podiumean.

Ainhoa Ibaibarriaga, Zuriñe Hoyos eta Nahia Ibarzabal, Txara Motxeko podiumean.

Julen Rekalde eta Nahia Ibarzabal izan dira markina-xemeindar arinenak Txara Motx lasterketan.
Ikus-entzunezko eskaintza izan zuten domekan herritarrek. Esperantza Aretoan mendia eta zinema uztartu zituen Mendi Tour film laburren proiekzioak. Bilbao Mendi Film Festival zine jaialdian aurkeztutako hiru film ikusi zituzten zinema zaleek: Mendi Film jaialdiko Euskarazko Film Onenaren Saria jaso zuen Izarren zaunka; Mendiko Film Onenaren Saria jaso zuen K2 Mon Amour; eta Zabalandi Saileko saritua izan zen Harri, Orri, Arkatz.