Xabat Galletebeitiak finalaurrekoa "bizitzea eta gozatzea" lortu zuen zapatuan
Lekeitiarrak bosgarren postua eskuratu zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoan 664ko puntuazioagaz. Saioa Amets Arzallusek irabazi zuen, 746,5 puntu lortuta.
Galletebeitia saioko ariketa batean kantuan.Bertsozale Elkartea Joan den zapatuan hasi ziren Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak Larraun Lekunberrin, eta sei bertsolarik hartu zuten oholtza, bigarren faserako puntuak lortzeko asmotan: Amets Arzallus Antiak, Gorka Pagonabarraga Agorriak, Beñat Gaztelumendi Arandiak, Xabat Illarregi Marzolek, Saioa Alkazia Guallarrek eta Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarrak.
Arzallusek lortu zuen bigarren faserako txartela 746,5 puntugaz, eta Galletebeitiak bosgarren postuagaz konformatu behar izan zuen, 664 puntu eskuratuta. Egindakoagaz lasai dago lekeitiarra: “Ni egindakoagaz konforme nago orokorrean. Saio ederra izan zela uste dut, seikoteagaz oso gustura nengoen hasieratik”. Bere helburuetako bat saioa bizitzea eta gozatzea izan zen, eta hasieratik lortu zuela dio: “Horrek niretzako balio handia dauka, eta uste dut geratuko zaidan oroitzapen bat izango dela”.
Saiorako sarrerak agortuta zeuden egun batzuk aurretik, eta Plazaola Kirolgunea lepo bete zuten 1.450 bertsozalek, saioaz gozatzeko gogoz. Giro ederrean igaro zuten saioa bertaratutakoek. Galletebeitiak “maila handiko” finalaurrekoa izan zela adierazi du, eta bertsolarietako batzuk “goia jotzea” lortu zutela uste du bere ahulkitik entzundakotik. Berak bere burua saio txukuna eta ona egiten sumatzen zuen, baina “goirik ezin jota” eta plaza lehertu zezakeen bertsoaldirik lortu gabe. “Ikusten nuen hanka sartzerik ez nengoela egiten, eta seinale ona da, baina goirik jo ezean gaitza da puntuazio eta emaitzan salto bat ematea”.

Larraun-Lekunberriko Plazaola kirolgunean goraino bete zen.Bertsozale Elkartea
Emaitza hobea lortzea gustatuko litzaiokeen, baina txapelketan bertsolariek nahi duten maila edo emaitza “oso gutxitan” lortzen dutela aitortu du. Are gehiago, zapatuko finalaurrekoak izan zuen formatuak maila on hori ematea asko zailtzen duela zehaztu du: “Formatua ezberdina da, ez dago ganbararik, ariketa guztiak bata bestearen atzetik datoz… Finalerdi hauek oso saio exijenteak direla sentitu nuen, eta hala komentatu genuen bertsolariok, estruktura aldetik lan handia eskatzen dutelako”.
Aurrera begira, ordea, lasai ikusten du bere burua, eta atseden hartzeko momentua dela argi dauka: “Nire lana eginda edukitzearen lasaitasun hori daukat, atseden mentala hartzeko gogoa ere bai, eta uste dut zintzoa izanda, nire txapelketako ibilbidea zapatuan amaitu zela”. Lehian aurrera egiteko aukerarik ez duela izango iruditzen zaio; hala ere, aukera suertatuko balitz, “gogotsu eta anbizio pertsonalez” joango litzatekeela badaki.
Hurrengo finalaurrekoa datorren zapatuan [urriak 31] jokatuko da Eibarren, eta sei bertsolarien artean egongo da Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra.