"Birziklatzea aurreztea da" kanpaina abiarazi du Lea Ibarrak
Hiri hondakinen gaikako bilketa eta birziklapena sustatzea helburu, Lea Ibarra Mankomunitateak hainbat neurri eta ekintza jarri ditu martxan azaroaren 8ra arte.
Europako hondakinen kudeaketaren arloan datozen eskakizunen arabera, hondakinen birziklatze tasak %60koa behar luke 2030 urterako. Lea Ibarreko Mankomunitateak datu horretara heltzeko konpromisoa indartu eta “Birziklatzea aurreztea da” kanpaina abiatu du. Horren bitartez, mankomunitateak herritarren eta enpresen parte hartzea sustatzea du helburu. Hala, urriaren 8ra arte egongo da martxan birziklatze tasa hobetzearen alde jardungo duen kanpaina.
Mankomunitatea osatzen duten udalerrien bataz besteko gaikako bilketa tasa %44koa da gaur gaurkoz. “Jauzi kualitatibo bat” egiteko beharra azpimarratu du mankomunitateak, hala, hainbat neurri eta ekintza jarri dituzte martxan “hondakinen gaikako bilketa hobetzeko”.
Errazago eta erakargarriago. Mankomunitateak azaldu duenez, hondakin organikoak birziklatzeko edukiontzi marroi eta sarraila sistema berria jarri dituzte. Gainera, edukiontzi guztiek pegatinak izango dituzte hondakin bakoitza non bota behar den argi geratzeko. Amorotoko eta Aulestiko auzokonpostaguneak berrituko dituztela aurreratu dute, eta gunea hesiz itxiko dute, txartel bidezko sarrera kontrola ezartzeko. Gainera, konposta modu errazago baten egin ahal izateko, gailu berriak jarriko dituzte. Aulestin, gainera, “konposta ontzeko eta behetzeko gune bat jarriko dute”.
Etxean lur zati txiki bat dutenei norberaren konposta egiteko aukera dutela gogorarazi die mankomunitateak. Informazio gehiago behar izatekotan, eskuragarri izango dute Lea Ibarreko Mankomunitatean edo eskualdeko udaletxeetan.
Sistema berri bat. Azken asteetan 1.200 txartel banatu dituzte etxez etxe ontzi marroi berriak zabaltzeko. Txartel zaharrek ez dute balioko, eta udaletxeetan bueltatzeko deia egin dute. Txartel berriagaz batera, informazioa banatuko zaie herritarrei: “Hondakinen tratamenduren kostuak, martxan jarriko diren berrikuntzak eta etxean hondakinak bereizteko informazioa”. Mankomunitateak gaikako bilketak duen garrantzia ulertarazi nahi die herritarrei.
Tailer ibiltariak. “Birziklatzea aurreztea da” kanpainaren baitan, herriz herriko informazio-puntua egongo da. Interesdunek bereizketarekin eta birziklapenarekin dituzten zalantzak argitu ahal izango dituzte. Modu horretan, mankomunitateak herritarrekin harremanak sendotzen jarraituko du, eta hartu eman hori hondakinen tratamendu jasangarriagoa egiteko beharrezkoak diren ohiturak eta eskura dituzten baliabideak azaltzeko erabiliko dute. Gainera, konposta egiten ikasteko tailerrak antolatu dituzte.
Informazio puntu ibiltarien egutegia:
Aulesti. Urriak 30ean, barikua, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, udaletxeko arkupeetan.
Gizaburuaga. Urriak 31, zapatua, 10:00etatik 14:30era, herriko plazan.
Munitibar. Azaroak 4, asteazkena, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etara 19:00etara, herriko plazan.
Mendexa. Azaroak 6, barikua 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, herriko plazan.
Amoroto. Azaroak 7, zapatua, 10:00etatik 14:30era, herriko plazan.
Konpost tailerrak:
Aulesti.– Urriak 29 eta 30, eguena eta barikua, 16:30etik 17:30era.
Gizaburuaga. Urriak 31, zapatua, 11:00etatik 12:00etara.
Mendexa. Azaroak 6 eta 7, barikua eta zapatua, 11:30etik 12:30era.
Munitibar. Azaroak 7, zapatua, 10:00etatik 11:00etara.
Amoroto. Azaroak 7, zapatua, 12:30etik 13:30era.
Tailer guztiak udaletxeetan izango dira.