"Euskarara etorriak" ezagutzeko mahai-ingurua egingo dute Lekeition
Azkue Ikastolak antolatuta, euskara ikastea hautatu duten lau herritar batuko dira bihar [urriak 29] 18:30ean Eskolape Aretoan, eta beraien ikasketa esperientzia azalduko dute. Herritarrei zuzendutako ekintza da, eta sarrera librea izango da.
Euskara eta Kulturartekotasun Astearen barruan, Euskarara etorriak mahai-ingurua antolatu du biharko [urriak 29] Azkue Ikastolak. 18:30ean jarri dute hitzordua, Eskolape Aretoan. Zergatik aukeratu dugu euskaraz bizitzea? galdera ardatz dutela ariko dira berbetan Ane Stoken, Paula Peralta, Sara Pascua eta Enrrike Ardura herritarrak, eta “euskarara etortzeko” egin duten ibilbidea izango dute hizketagai nagusi.
Leire Akarregi Azkue Ikastolako Komunikazio arduradunak mahai-inguruaren helburu nagusia euskarara etorri diren pertsonek euren komunitatea eta izatea balioan ipintzea dela azaldu du, bakoitzaren esfortzua eta ibilbide guztia erakustea, eta, hori aitzakitzat hartuta, eurek azaltzea nola heldu diren euskarara. “Ze pauso eman dituzten azaltzea ez da bakarrik AEKra apuntatu direla esatea. Zergatik eta nondik sortu zaien euskara ikasteko nahia, zoritxarrez derrigortasunik ez baitago”.
Parte hartzaile bakoitzak euskara ikasteko prozesu desberdina eduki du, eta hala aukeratu dituzte saiorako: “Euskara maila desberdina daukate, eta gaztelania tartekatuko dute. Hori ere polita da ikustea, bakoitzak bere ibilbidea eta maila duela”.
Herrira begirako ekintza dela adierazi dute ikastolatik, eta sarrera librea izango da. Herritarrek parte hartzeko aukera edukiko dute.