Lea-Artibaiko ekonomia urdina bultzatzeko estrategiak definitu dituzte
Arrantza-komunitateak dituen erronka nagusiak aztertzeko, Irlanda, Frantzia eta Portugalgo erakundeekin egindako elkarlana gidatu du Leartibai Fundazioak. FISHINN proiektu europarrak Atlantikoko arrantza-lurraldeen lehiakortasuna indartzea izan du helburu, berrikuntzari, nazioarteko lankidetzari eta ekonomia urdinari lotutako aukerak identifikatuz.
Irlandan ospatu zuten FISHINN programari amaiera eman zion kongresua.Leartibai Fundazioa Irlanda, Frantzia eta Portugalgo erakundeekin egindako hiru urteko elkarlanaren ondoren, urriaren 1ean eman zioten amaiera FISHINN proiektu europarrari. Leartibai Fundazioak gidatu du proiektua, eta Atlantikoko arrantza-lurraldeen erresilientzia eta lehiakortasuna indartzea izan dute helburu. Hori lortzeko, berrikuntza, nazioarteko lankidetza eta ekonomia urdinari lotutako aukera berriak identifikatzea izan dute oinarri.
Erakunde parte hartzaileak Atlantikoko arrantza-komunitateek dituzten erronka nagusiak aztertzen aritu dira azken hiru urteetan; besteak beste, “belaunaldi erreleborik eza, kostu operatiboen igoera araudiaren presioa, digitalizazioan aurrera egiteko beharra, ekoizleen edo kontsumitzaileen arteko deskonexioa”.
Atlantikoko kostaldeko lau lurraldek helburu bera partekatu dute proiektuaren baitan. Irlandako Munster Technological University , Portugalgo Sines Tecnopolo, eta frantziako Technopole Quimper-Cornouaille eta Pôle Mer Bretagne Atlantique arrantza ekosistema desberdinetan aritu dira lanean, hala ere, denen helburua izan da “Atlantikoko kostaldeko komunitateen iraunkortasuna, lehiakortasuna eta erresilientzia indartzeko gai diren berrikuntza-aukerak identifikatzea”. Irlandan, Frantzian eta Portugalen ekonomia urdinari lotutako talentua erakartzeko eta itsas ezagutza belaunaldi berriei transmititzeko hautua egin dute, besteak beste.

FISHINN proiektuaren baitan lanean aritu den Lea-Artibaiko taldea.Leartibai Fundazioa
Leartibai Fundazioak Lea-Artibaiko ekonomia urdina osatzen duten 51 enpresa hartu ditu kontutan. 780 lanpostu sortzen ditu sektoreak, eta Ondarroako portuak 2025ean 45 milioi euro fakturatu zituela adierazi du,” eskualdeko motor ekonomiko nagusietako bat” dela gogoraraziz. Hala, FISHINNen egindako lanagaz, “sektorearen lehiakortasuna bultzatzeko” hiru ekimen estrategiko definitu dituzte: Egungo arrantza-balioaren katearen lehiakortasuna indartzea; enpresa berriak erakartzeko akuikulturari lotutako industria-eremua aktibatzea; eta enpresak, zentro teknologikaok eta administrazio publikoak bilduko dituen Ondarroa Ekonomia Urdina Hub ekimena sortzea.
Etorkizunera begira. Urriaren 1ean Irlandan ospatu zuten azken jardunaldiak lurralde bakoitzak lortutako emaitzak partekatzeko eta “Atlantikoko arrantza-komunitateen etorkizunari buruz hausnartzeko” balio izan zuen. Leartibai Fundazioak gaineratu duenez, FISHINNek “nazioarteko lankidetza-sare sendoa, arrantza-lurraldeetan berrikuntza sustatzeko metodologia berriak eta ekonomia urdinak kostaldeko komunitateen garapen ekonomiko eta sozialean duen zeregin estrategikoari buruzko ikuspegi partekatua uzten ditu ondare gisa”.
Leatibai Fundazioaren esanetan, hiru urtez egindako lana oinarri sendoa da itsasoko eta arrantzako senktorearen lehiakortasuna indartzeko ekimenak bultzatzen jarraitzeko, eta baita “talentua eta jarduera ekonomikoa erakartzeko eta Lea-Artibai berrikuntza urdineko erreferente gisa sendotzeko”.