Txomin Letamendi Urresti: "Lekuko guztiek argi eta garbi utzi genuen gure aitari zer gertatu zitzaion"
Txomin Letamendi EAJko militante espetxeratua eta torturatua diktaduraren ondorioz hil zela aitortzeko, borondatezko jurisdikzio bidezko epaiketa egin zuten atzo [urriak 27] Donostian. Familiak EAJko eta EH Bilduko ordezkarien babesa eduki du.
GEBehatokiaren, EH Bilduren eta EAJren ordezkariak sendiagaz.EH Bildu Txomin Letamendi EAJko militantea frankismoaren biktimatzat aitortzeko epaiketa egin zen atzo [urriak 27] Donostiako 7. instantzia epaitegian. 1950ean Madrilen hil zen kartzelan jasandako torturek eragindako ondorioengatik, eta epaileak jazotakoa juridikoki baieztatzea eskatu dute. Epaiketaren ondoren, sententziaren esperoan dago sendia.
Militantearen seme Txomin Letamendi Urrestik irmo adierazi du sendiak bezain argi duela gizarteak aita nola eta zergatik hil zen, eta justiziak ere hala egin behar duela: “Guk bagenekien eta gizarteak bazekien gure aita nola hil zen. Baina nahi genuen epaile batek esatea orduko denboretako epaiketak denak egin zirela lege frankista baten menpean, eta zelan hil zuten gure aita kartzelan, euren torturekin eta espetxeen egoeragaz”.
Iraganean, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak eta familiak torturatzaileen aurkako kereilak aurkeztu zituzten, eta kasua onartu bazuten ere, itxi egin zuten akusatutako poliziak hilda zeudelako. Handik, legeak biktimentzako duen beste bidea hartu zuten, borondatezko jurisdikzio bidea. Hala, borondatezko jurisdikzio bidez gauzatutako frankismoaren biktima baten lehenengo epaiketa izan zen atzokoa. Gertaeraren pisu eta garrantziari erantzunez, GEBehatokiko ordezkarien, Maddalen Iriarte EH Bilduko Batzarkidearen, Markel Olano EAJko legebiltzarkidearen eta Urtza Alkorta Ondarroako alkatearen babesa izan zuen Letamendiren sendiak. Epaiketa bide onetik joan zela azaldu du Letamendik: “Lekuko guztiek argi eta garbi utzi genuen gure aitari zer gertatu zitzaion”.
Epaiketa etorkizunera begira pauso garrantzitsua dela dio Letamendik, beste biktima batzuen kasuak epaitzeko bidea zabaltzeko baliagarria: “Pauso garrantzitsua da. Oraindik sententziaren zain egon beharko gara, baina behintzat bide bat zabaldu du. Izan ere, 150 kasutatik bakarrik bi onartu dituzte, gure aitarena eta ETAko kide batena. Guk orain pentsatzen dugu bide bat zabalduko dugula beste jende bat prozesu berdinetik pasatzeko; esate baterako, Gasteizko martxoaren 3ko sarraskian hil zirenak. Pauso hori zabaldu da”.