Lekitto Bixirik Herri Krosa bueltan etorriko da domekan
XVIII. Lekitto Bixirik Herri Krosa egingo da domekan [azaroak 1] Amandarri Triatloi Taldeak antolatuta. Aurtengo leloa "Arnasguneak bixirik!" izango da, Lekeition euskarak duen egoera salatzeko.
Beste behin, Amandarri Triatloi Taldeak Lekitto Bixirik Herri Krosa antolatuko du. Aurten, bere ohiko datara bueltatuko da, azaroaren 1era, iaz data aldaketa izan ondoren. Lasterketak betiko formatua mantenduko du, eta hainbat proba izango dituzte adin guztiei zuzenduta.
11:00etan hasiko dira lasterketak. Haur Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailetako umeek 200 metro beteko dituzte. 11:15ean, Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailakoek 500 metroko lasterketa egingo dute eta 11:30ean, 4., 5. eta 6. mailako gazteen txanda izango da. Amaitzeko, DBH 1. mailatik gorako guztiek 12:30ean egingo dute korrika, 5.500 metroko lasterketa burutzeko.
Parte hartzaileez gain, edozein herritarrek izango du ekimenagaz gozatzeko modua, jan eta edanerako aukeragaz.”Plazan izango da, taberna bat ere egongo da, jai giroa eman nahi diogu lasterketari”.
DBH 1etik gorakoek herrikrosa.eus atarian daukate izena emateko aukera kros egunera arte. 12 euroren truke parte hartu ahalko dute. Haur Hezkuntzakoek eta Lehen Hezkuntzakoek ez dute izenik eman behar, bertan agertzeagaz nahikoa dute lasterketan parte hartzeko.
Urtero 200 parte hartzaile inguru aritzen dira, eta aurten ere, eguraldiak lagunduz gero, 100 ume inguru eta beste 100 nagusi inguru izatea aurreikusi dute antolatzaileek. Parte hartzean berdintasuna zaintzen ere ahalegintzen dira antolakuntzakoak: “Beti azpimarratzen dugu gure helburuetako bat emakumeen kirola bultzatzea dela, eta Lekeitio inguruan nabaritzen da gero eta gehiago direla kirola egiten dutenak eta korrika egiten dutenak. Lekitto Bixirik Herri Krosaren parte hartzean ere nabaritzen da emakumeen presentzia askoz ere handiagoa dela”.
Aste honetan Euskara eta Kulturartekotasunaren Astea dela aitzaki hartuta, aurtengo herri krosaren leloa Arnasguneak bixirik! izango da, herriko euskara erabilerari lotuta: “Lekitto Bixirik beti izan da lasterketa aldarrikatzailea, eta aurten Lekeitioko euskarararen egoera salatu nahi dugu, ikerketen arabera ia-ia laster arnasgunea izateari utziko dio. ‘Lekeitiok euskara behar du’ kanpainaren barruan egingo dugu ekitaldia”. Antolatzaileek kanpainako banderatxoak banatuko dituzte bertaratzen diren herritarrentzat.