Tradizio beldurgarrienei heltzeko prest daude
Arimen Gaua edo Gau Beltza ospatzeko elkartuko dira datozen egunetan Lea-Artibaiko zenbait udalerritan eta Mutrikun, egun beldurgarri bezain dibertigarriak igarotzeko hamaika ekintza antolatu baitituzte.
Plazabarripean elkartu ziren herritarrak atzo [urriak 26].Bateratze Guraso Elkartea Urriaren 31n Arimen Gaua edo Gau Beltza ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso zabalduta zegoen duela hamarkada batzuk, baina denboraren joan-etorriagaz indarra galduz joan zen. Azken urteetan, ordea, berriz egonkortzen hasita dago, eta asko dira egun horregaz bat egiten dutenak; horren erakusle dira, esate baterako, datozen egunetarako Lea-Artibaiko zenbait udalerritan eta Mutrikun antolatuta dituzten hamaika ekintzak.
Lea-Artibain, berriz, Amoroto, Aulesti, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibarrek ere ez dute tradizioagaz bat egiteko aukera galduko. Mutrikuarrak ez dira atzean geldituko, errotutako hitzordua baitute Gau Beltzekoa.
Gaur egun erlijio katolikoagaz lotzen bada ere, hildakoen inguruko ospakizunak zeltek ospatutako Samhain (udaren bukaera) jaian dauka jatorria. Trantsizio jaia omen zen, urte batetik bestera igarotzeko eta beste mundurako irekiera ospatzeko hitzordua, hain zuzen ere. Gaur-gaurkoz, Euskal Herrian hildakoen arimak zerura iristea eskatzeko egunak badira ere, garai batean beste modu bateko ohiturak ere egon bazeuden, mundu mailan ezaguna den Halloween jaiagaz hainbat antzekotasun zituztenak: kalabazak hustea, janari eskean ibiltzea edo baserriz baserri kantuan ibiltzea.
Hala, garai bateko tradizioa berreskuratu eta hildako arimekin konektatzeko aukera emango dizkien egun beldurgarri bezain dibertigarriak dituzte herritarrek aurretik, baina egun esanguratsurik baldin bada, etzikoa da. Izan ere, udalerri gehienek atondutako egitarauak orduan gauzatuko dira. Badira, baina, dagoeneko ekintza desberdinez gozatzen ari diren herriak, besteren artean, Mutriku.
Tradizio beldurgarrienak betetzeko prest daude, alegia, han eta hemen. Musika, desfileak, mozorroak eta mota askotako tailer zein ikuskizunak nagusituko dira datozen egunotan udalerriz udalerri, herritarren gozamena beldurtzeko asmoz.
EGITARAUAK, HERRIZ HERRI.
- AMOROTO
Bihar.
17:00. Plaza apaintzea.
18:30. Baserrietara eskean.
19:15. Gozokien banaketa.
Gero. Txokolatada. Edalontzia eroateko eskatu dute.
- AULESTI
Bihar.
17:30. Aurpegi margoketa eta tailerrak: maitasunezko mezuak eta fruta brotxeta beldurgarriak.
19:00. Beldurrak sutara.
Jarraian. Txokolatea.
- ETXEBARRIA
Etzi.
11:30. Herri apainketa.
19:00. Desfilea.
Bukatzean. Dantza, Plaza Barrin.
20:00. Afari kopaua.
- ISPASTER
Bihar.
16:00. Frontoia apaindu.
18:00. Ipuin kontalari musikatua.
19:00. Txokolatada.
20:00. Pista jolasa.
- LEKEITIO
Etzi.
17:30. Kalabaza apainketa eta aurpegi margoketa.
18:30. Xanduli Manduli, daukonak ez daukonari, bakoitzak aurretiaz adostutako lekuetan.
19:30. Beldurrak eta penak erre.
20:00. Dantza eta ipuin kontaketa.
20:30. Kalejira beldurgarria, kanposantutik hasita.
21:00. Suzko zezena.
- MARKINA-XEMEIN
Etzi.
17:00. Kalabaza tailerra, Plazabarripean.
- MUNITIBAR
Etzi.
18:30. Kriseilu tailerra. Kristalezko ontzia norberak eroateko esan dute.
19:30. Istorio beldurgarrien kontakizuna.
20:00. Xanduli manduli, etxez etxe.
Ostean. Gaztainak eta txokolate beroa.
- MUTRIKU
Bihar.
16:00. Ihes gela, Gaztelekuan.
Etzi.
10:30-13:30 eta 16:00-19:00. Ihes gela, jolasak eta Talaixako mamua egitea, Gaztelekuan.
19:30. Axuri Beltza kalejira eta Talaixako mamua erretzea, Goiko Plazan.
22:30. Kontzertuak: Laumono eta Ehun kilo, Beheko Plazan.
Azaroak 1, domeka.
Arratsaldean. Film beldurgarriaren proiekzioa, Zabiel Kultur Etxean.
- ONDARROA
Bihar.
14:30. Ipunin kontalaria, Elizako aterpean, Miru ipuin kontalariaren eskutik.
Etzi.
18:15. Kamiñazpiko parkean batu, eta kalejira musika eskolaraino.
Ondoren. herriko umeak etxez etxe.
- ZIORTZA-BOLIBAR
Etzi.
17:00-18:30. Sormen lantegia.