Yolanda Arrieta: "Beste batzuk nire ilusioagaz blaitzen badira, gehiago izango gara"
Elkar zaintzeko behar den denborak ihes egiten digula ikusten du Yolanda Arrietak. Ezintasun horri helduta egindako lan luzearen emaitza da Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso duen ‘Zurtz’ liburua.
Yolanda Arrieta, 'Zurtz' liburuagaz.IREKIA Gure berezko erritmotik aldentzen den garai baten aurrean sortu du Zurtz Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazle etxebarritarrak. Literaturak bere denbora behar duela azaldu du, eta gazteekin gai konplexuak lantzeko beharraz ere aritu da.
Gizarteak hartu duen erritmoak zurtz sentiarazten gaituela diozu.
Lanak, ohiturak edo merkatuak dakarren kanpoko erritmo azkarrak bakoitzaren zurztasuna partekatzeko denbora gutxi uzten digu. Denok falta dugula zer edo zer. Zurztasuna ez da bakarrik umezurtza izatea; amazurtza, aitazurtza edo lanzurtza izan zaitezke. Denok falta ditugu gurasoak, beste batzutan afektua falta dugu, dirua, etxea galdu ditzakegu, eta beste batzuetan, arnasa bera. Hiperkonektaturik gagozen garai hontan, sekula baino zurtzago gagoz bata bestearengandik, eta fenomeno horren barruan uste dut ahulenak direla beti galtzen ateratzen direnak; gazteak eta pertsona nagusiak. Zurtz liburuko protagonista gazte bat da, baina bere inguruan dauden guztien zurtasuna ere erakutsi nahi dut, bere inguruan jendea eurek bezala senti daitekeela ikus dezaten. Zurtz liburuagaz zaurgarritasun horien berri eman eta horren inguruan hausnartzeko eta pentsatzeko aukera eskaini izan dut.
Zergatik da garrantzitsua gazteekin gai honi buruz hitz egitea?
Uste dut literatura egin behar dugula nahiz eta gazteentzat izan, eta arazoa haiengana heltzea bada, goazen bitartekaritzan lan egitera. Goazen eurekin irakurtzera, eskolan, etxean, liburutegian eta leku danetan. Heziketa literarioa ere ba praktika bat da, entrenamendu bat. Nik gazte bat jarri dut ardatz, gazteak komunitatearen barruan daudela, eta tribuan zaindu behar direla gogorarazi nahi izan dut. Gaur egun ez dugu behar beste denbora hartzen horretarako, elkarregaz egoteko eta gazteak zaintzeko. Goazen haur eta gazte literatura egitera, baina gazteak ere barruan sartzen dituen literatura egitera.
Zergatik sentitzen dira zurtz gaur egungo gazteak?
Norberaren garapenaz eta norberaren hautuaz hitz egiten dugu, baina eskolan eta gizartean lehenengoak izateko etengabeko presioa dute: nota onenak ateratzea, lehenengo izatea eta dirua irabaztea. Hezkuntzan, gainera, denbora gutxi hartzen da eurekin berba egiteko, eta zurrunbilo batean sartuta dago euren burua. Etxean ere, gurasoek ez dute eurekin berba egiteko astirik. Egia da heltzen doazen heinean ez dutela inoren beharrik gauza jakin batzuk egiteko, baina horrek ez du esan nahi ez dutenik entzungo dien norbait behar. Entzun. Besterik barik. Mezu asko jasotzen dituzte Internet bidez, eta jasotzen duten horren lekuko gutxi dago. Guraso askok uste dute euren seme alabak ezagutzen dituztela, baina helduoi ihes egiten digu sareetatik jasotzen duten horrek. Arazo konplexua da, baina konplexutasun horregaz adiskidetu beharra daukagu. Umeekin berbetan ari garenean konplexutasuna ezkutatu egin behar dugula uste dugu, baina, ezin daiteke ezkutatu egia den gauza bat. Guk tresnak jarri behar ditugu umeek konplexutasuna uler dezaten; bitartekari izan behar gara. Eurengana heltzeko eta gaur egun tokatu zaigun mundu eta garai gorabeheratsu hau tratatzen hasteko testu konplexuak egitea eta testu konplexuei denbora eskaintzea litzateke lehen pausoa. Literaturak ez du ezer konponduko, baina aukera ematen du gai jakin batzuei buruz hitz egiteko. Gaiak mahaigaineratzen dizkigu solasaldiak egiteko, eta horretarako gonbidapen bat da Zurtz. Elkarregaz irakurtzeko eta elkarregaz berba egiteko.
“Goazen haur eta gazte literatura egitera, baina gazteak ere barruan sartzen dituen literatura egitera”.
Erronka al da gazte literatura egitea?
Egunerokotasunean tratatzen ez ditugun gaiak edo sentimenduak jorratzeko egiten dut fikzioa. Askok uste dute gazte literatura arina izan behar dela, baina helduenak bezala, denbora eskaintzea eta azterketa egitea eskatzen du. Tarteak hartu behar ditugu etxean eta eskolan, irakurketa partekatu bat izan behar du, eta arrazoi bategaz irakurri behar dugu: gure burua eta bizi dugun garai hau hobeto ulertzeko. Ahalik eta ahaldunduen izateko irakurri behar dugu, eta hori txikitatik ikasten da. Nik erronka handia egin dut, eta eskatu ere egiten dut: Hezkuntzak, familiek eta gizarteak ere hausnartzeko tarte bat hartzea.
Pisaren datuek zeresan handia eman dute aurten.
Azterketak argitara eman dituen emaitzak zuzentzeko oraindik ez da biderik egin. Ez dut inor ikusi eskola liburutegia berreskuratzen, ezta aipatzen ere. Egoera ez da berria, baina datuen trataerak kezkatzen nau. Ebaluaketa neurtzeko irizpideek urduritasuna baino ez dute sortzen, eta horrek asko zailtzen du haurrak irakurketara, idazketara eta euskarara hurbiltzea. Ikasketa prozesuan giro jakin bat sortu behar dugu, eta lehen pausoak presiorik ez izatea behar luke. Irakurtzeak eta idazteak pentsatzea, hausnartzea eta norberaren barrua arakatzea eskatzen du. Irakurritakoa elkarrezgaz aztertu behar dugu, eta ebaluaketa bideagaz batera egiten da.
Gazte eta Haur Literaturako Euskadi Saria jaso berri duzu. Nola jaso duzu?
Pozik hartu dut saria. 63 urte ditut, eta 30 urtegaz hasi nintzen gazte literaturako liburuak argitaratzen. Bizitza eta lan luze baten frutua izan da saria, eta lan egiten jarraitzeko lasaitasuna eman dit. Ez bakarrik sortzeko, sorrarazten jarraitzeko ere bai. Saria jaso dudanean jende asko poztu da nigaz batera, eta hori oso ederra da. Nire zurztasuna ulertu dutela sentitu dut; norberari gertatu zaion gauza bategaz ingurukoek poza sentitzea gauza ederra da. Etorkizuna egin gabeko leku bat da, eta lanean jarraitzeko unea da. Nik orain arte egin dudanagaz jarraituko dut, eskolaz eskola literaturaz hitz egiten. Beste batzuk nire ilusioagaz blaitzen badira, gehiago izango gara.